La Prehistoria en Rioja Alavesa. Guía para su conocimiento y visita izeneko liburua plazaratu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, eskualde horretan diren aztarnategi desberdinetan eskuratutako ezagutza bildu eta zabaltzeko asmoz.
Liburuak eskualdearen "ondare historiko-arkeologiko aberatsaren ikuspegi bateratua eman eta ondare hori bisitatzea" du helburu, eta baita horren "zaintzea eta errespetatzea sustatu", EHUk zabaldutako prentsa ohar baten arabera.
Azken 80 urteetan egin diren indusketa arkeologikoen emaitzak jasotzen ditu lanak, Epipaleolitoan hasita —Paleolito eta Neolito artean dagoen garaia—, eta Erromanizazioaren eragina jasotzen duten lehen taldeetara arte.
Arabako Errioxan garai horiei dagozkien garrantzi handiko aztarnategiak daude, hala nola Sorginaren Txabola, Los Husos, Los Llanos edota La Hoya. Jose Migel Barandiaranek lehen indusketak hasi zituenetik, altxor arkeologiko horiek ikertzeko teknikak asko hobetu eta dibertsifikatu dira, diziplinarteko jardun batean. Hala, garai bateko antropologia fisikoari antropologia genetikoa gehitu zaio orain, eta Karbono-14ak emandako datazioak ez ezik, hezurretan aurkitutako isotopoen analisiek duela gutxira arte imajinaezinak ziren emaitzak eman dituzte. Kasurako, jasotako elikaduraren arabera Neolito aroan bertan bi komunitate desberdin bizi izan zirela ondorioztatzeko moduan egon dira zientzialariak.
EHUko zazpi irakaslek parte hartu dute liburuan, baina Javier Fernandez Eraso eta Jose Antonio Mujika Alustiza adituenak dira testu gehienak, erakundeak berak aitortu duenez. Urte askotan, haiek izan dira eskualdean egindako esku-hartze arkeologiko ugariren zuzendariak, eta, hortaz, gertutik ezagutu dute egindako lana.
"Ondare historiko aberats hori ezagutarazteko idatzita dago eta, ahal den neurrian, ulermena errazteko, baita ondare hori bisitatzea sustatzeko ere", adierazi dute egileek.