SAN PRUDENTZIO

Txikienek hartuko dute protagonismoa Oionen

Erredakzioa 2021ko api. 26a, 14:03
Aurten ez da ohiko danborradarik egongo Oionen. / ALEA

Danborrada berezia egingo dute herriko ikastetxeetan, baina hori ikustera joatea debekatu dute. Ekitaldia, halere, zuzenean jarraitu ahal izango da, Interneten bitartez.

San Prudentzioko ospakizunak guztiz desberdinak izango dira aurten, pandemia dela-eta, baina gutxienezko ekitaldi batzuk bederen mantendu dira Araban. Gasteizko ekitaldiez gain, Amurrion megafonia bitartez egingo dute danborrada baten itxura. 

Oionen kasuan, iaz bezala, ospakizuna balkoietan egiteko deia egin dute, horiek apainduz. Baina umeei begira ere danborrada berezi bat antolatu dute ikastolan eta eskolan. Osasun neurriak mantenduta, haurrek erakutsi duten zintzotasuna saritu nahi dute.

"Aurten danborradako protagonistak haiek izango dira, oso ondo portatu zirelako konfinamendu luze horretan, eta oraindik ere primeran onartzen dituztelako osasun neurriak", adierazi du ohar batean Oiongo San Bizente Ikastolako Gartxo guraso elkarteak.

Hitzordua, noski, apirilaren 27an jarri dute: 15:30ean egingo dute umeen danborrada, ikastola eta eskola ondoko patioetan. Bertaratzea guztiz debekatuta dagoela gogoratu dute, baina, ikusi nahi duten guztiek aukera izango dute hori egiteko, ikastolaren Facebook orrialdean eta eskolaren web orrian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide