Elkarretaratzea deitu dute larunbatean, Isam Haddourren familiari elkartasuna adierazteko

Erredakzioa 2021eko apirilaren 15a

Isam Haddourren familiarekin elkartasuna adierazteko kontzentrazioa egin dute. BERBERANA

Minutu bateko isilunea egin du Oiongo Udalak "heriotza tragikoa" gaitzesteko, eta dozenaka herritar atera dira kalera familiarekin elkartasuna adierazteko.

Oiongo Udalak minutu bateko isilunea egin du asteazken honetan, Logroñon hil duten Isam Haddour 34 urteko herritarraren heriotza gaitzesteko eta dolu-seinale moduan. Halaber, Udalak adierazpena onartu du "ekintza krudel eta anker hau" arbuiatzeko; gertaerak argitzea eta errudunak ordaintzea eskatu du, eta Issamen familiarentzat justizia egitea.

Halaber, dozenaka herritarrek elkarretaratzea egin zuten Plaza Nagusian, arratsaldeko zortzietan. Udalbatza kalera atera zen ere. Txalo zaparrada batekin amaitu zuten kontzentrazioa, eta, familiaren izenean, bozeramaile batek herritaren babesa eskertu zuen: "une latz hauetan Udalaren eta gure herriko herritarren babesa sentitu dugu".

Bestalde, familia eta lagunei eta Oiongo islamiar komunitate osoari babesa eta elkartasuna erakusteko, larunbat honetan beste kontzentrazio bat deitu dute, 13:00etan, Oiongo Plaza Nagusian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago