Arabako Errioxako mahats-bilketaren jaia 2022ra atzeratu dute

Erredakzioa 2021ko api. 15a, 11:00
2020ko Ardo Lehiaketaren sari banaketa. / ARABAKO ERRIOXAKO KUADRILLA

2022ra atzeratu egin dute Lantziegon egitekoa zen Arabako Errioxako mahats-bilketaren XXVII. jaia. Hala ere, Ardo Lehiaketa mantentzea erabaki dute, eta irailean bisitak, dastaketak eta menu bereziak izango dira eskualde osoko upategietan.

Arabako Errioxako mahats-bilketaren jaiaren XXVII. edizioko ekitaldi nagusiak Lantziegon ospatzekoak ziren aurten. Baina, 2020an gertatu zen bezala, osasun egoeraren ondorioz, ospakizuna bertan behera uztea eta 2022ko irailera atzeratzea erabaki du batzorde antolatzaileak.

"Distantzia sozialarekin garatu ezin den jai bat" dela deritzote antolatzaileek, eta, beraz, nahiago izan dute orain arte ezagutu den bezala eta bisitari kopuru handi batekin ospatzen jarraitzea, urtebete beranduago bada ere. "Helburua ardoaren inguruko jardunaldi bat partekatzea izan behar da, eta beste formatu batekin egitea arraroa litzateke", adierazi dute.

Ardo Lehiaketa

Iaz bezala, mahats-bilketaren festarekin batera ospatu ohi den Ardo Lehiaketa mantentzea erabaki dute. Beraz, hurrengo asteetan, lehiaketaren 28. edizioa jarriko da martxan. 2020ko edizioan, 250 ardo aurkeztu ziren, bederatzi ataletan banatuta eta Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuak aitortutako hiru eremuetakoak: altua, ekialdekoa eta Arabako Errioxakoa.

Irailean, bisitak eta dastaketak

Gainera, antolakuntzak ez dio uko egin osasun egoerara egokitutako jarduerak egiteari. Proposamenaren xehetasunak uda hasieran publiko egingo diren arren, pertsona talde txikien bisitak eta dastaketak antolatuko dituzte iraileko lehen bi asteetarako, eskualde osoko hainbat upategitan.

Gainera, data horietan menu bereziak eskainiko dituzte ekimenarekin bat egiten duten jatetxeetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide