Sorginaren Txabola pintaketekin eraso dute

Erredakzioa 2021ko mar. 25a, 15:08

Ezezagunek pintadak egin dituzte trikuharrian. / ARKEOARABA

Diputazioak astelehenean ekingo die leheneratze lanei, Aste Santuan monumentua zegoen egoerara itzultzeko asmoz.

Elvillarren kokatutako Sorginaren Txabola trikuharrian errotulagailuz egindako pintadak agertu dira. Joan den asteburuan zehar izan dute horren berri ondare alorreko foru arduradunek, herritar baten abisuari esker. Egindako kaltea konpondu aldera, Arabako Zaharberrikuntza Zerbitzua jakinaren gainean jarri dute. 

Diputazioko iturrien arabera, astelehenean bertan egingo dituzte leheneratze lanak, Aste Santuko oporrak iritsi baino lehen. Modu horretan, bertaratzen diren bisitariak monumentua bere horretan ikusteko moduan egongo dira. Halako zereginetan espezializatutako zaharberrikuntza enpresa bat arduratuko da lanaz, harria kaltetu gabe pintada horiek kendu ahal izateko.

Irmotasun eske

Erasoa dela eta, minduta agertu da Rafa Varon Arkeologiarako Arabar Institutuko presidentea. Zaharberritze lan horiek ahalik eta arinen egitea funtsezkoa dela azpimarratu du, tinta harrian gehiegi txerta ez dadin.  

"Anekdotikoak diruditen ekintza horiek mehatxu larria suposatzen dute guztion ondarerentzat", azpimarratu du. "Horrelakoak onartzen baditugu, hurrengo erasoa handiagoa izan daiteke". Gogorarazi duenez, eraso horiek ondarea kaltetzen dute, baina, horrez gain, inguruan bizi diren lagunen ekonomiarentzat ere kaltegarriak dira. "Arlo sentimentala ahaztu barik", erantsi du.

Erasoei aurre egiteko, neurri gogorragoen beharra dagoela uste du Varonek. "Urteak daramatzagu pedagogia egiten, eta hori beharrezkoa da, noski. Baina bada jendea jakitun dena egiten duen kalteaz, eta, halere, horrelakoak egiten jarraitzen dute. Erantzun irmoagoak behar ditugu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide