Arabako Errioxako Kuadrillaren izen ofiziala aldatzea eskatu dute

Erredakzioa 2021ko mar. 9a, 12:00
Arabako Errioxara ongi etorria ematen duen kartela. / BLOG RIOJA ALAVESA

Gaur egun Guardia-Arabako Errioxako Kuadrilla da izen ofiziala. Baina Oion Si Se Puede taldeak udalerriaren izena kendu eta soilik Arabako Errioxako Kuadrilla izatera pasatzea proposatu du, Oion Ahal Dugu zirkuluaren babesarekin.

Azken urteetan beste kuadrillen izen ofizialetan aldaketak gauzatu diren bitartean, une honetan Guardia-Arabako Errioxa da udalerri baten izenari lotutako kuadrilla bakarra.

Hortaz, Oion Si Se Puede talde independenteak mozio bat aurkeztu du Oiongo udal osoko bilkuran martxoan eztabaidatzeko. Mozio horren bitartez proposatuko da Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillaren izen ofiziala Arabako Errioxa izen berriagatik aldatzeko.

Onartuz gero, udalerriko bost batzarkideek kuadrillako erakundearen lehen osoko bilkuran erregistratuko dute proposamena. Besteak beste, Oion Ahal Dugu taldeko zirkulua ekimenaren alde agertu da.

Ohiko erabilera

"Bere izenean udalerri baten tutoretza duen kuadrilla bakarra da. Gainera, populazioari dagokionez Guardia ez da eskualdeko udalerri garrantzitsuena, eta izen ofiziala ez dator bat ohiko erabilerarekin", adierazi du Oion Ahal Dugu taldeak. "Eguneroko erabileran ere, eskualdeko herritarrek beti aipatzen dute Arabako Errioxako Kuadrilla bezala, hura osatzen duten herrien errealitatera gehiago egokitzen dena".

Honako udalerri hauek osatzen dute Arabako Errioxako Kuadrilla: Oion, Guardia, Bastida, Eltziego, Lapuebla de Labarca, Lantziego, Elvillar, Samaniego, Villabuena, Mañueta, Ekora, Moreda, Leza, Navaridas eta Kripan. Hala ere, kuadrillaren egoitza nagusia Guardian dago kokatuta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide