ELAk "jazarpen sindikala" salatu du Eguren Ugarte hoteleko sei langileren kaleratzean

Erredakzioa 2021ko ots. 22a, 11:15

Guardiako Eguren Ugarte hotelean hauteskunde sindikalak antolatzeagatik sei langile kaleratu dituztela salatu du ELA sindikatuak. Kaleratze guztiak inpugnatu ditu sindikatuak, eta horietako hiru bidegabeak direla onartu du enpresak.

"Kaleratze indiskriminatuak, hitzarmena ez aplikatzea eta hoteleko zuzendaritzak negoziatzeko borondaterik ez izatea"; horrela laburbildu du ELA sindikatuak Arabako Errioxako Eguren Ugarte hotelean bizi den egoera. Azken adibidea, sindikatuaren arabera, enpresan hauteskunde sindikalak egiteko antolatu ziren langileak "zigortzea" izan da.

ELAk ohar bidez azaldu duenez, horren ondorioz egindako sei kaleratzeak inpugnatu dituzte, eta, gaur egun, horietako hiru bidegabeak direla onartu du enpresak berak. "Iruzurra dela uste dugu; enpresak diziplinazko kaleratzeak egiten ditu, eta, ondoren, bidegabea dela onartzen du", kritikatu du sindikatuak. Izan ere, ABLEEen araudi berriak ez ditu kaleratzeak baimentzen ABLEEa eskatzeko erabilitako arrazoi berberengatik.

Kaleratutako langile guztiak ELA sindikatuaren hautagaitzako kideak izan ziren 2020ko azaroaren 30eko hauteskunde sindikaletan. "Jazarpen sindikaleko kasu bat da", ohartarazi du sindikatuak. 

Hitzarmena

Bestalde, "hitzarmena bete ez izana" leporatu dio ELAk hotelaren zuzendaritzari. "Ez dizkie langileei plus desberdinak ordaintzen, hala nola jai egunak, gauekotasuna eta abar. Aparteko orduak ere ez ditu ordaintzen hitzarmenean ezarritako prezioan", salatu du sindikatuak.

Halaber, ELAk adierazi du Eguren Ugarten aplikatzen ari den halabeharrezko ABLEEa "diskriminatzailea" dela, "batez ere lanaldi-murrizketa duten langileei kalte egiten dielako". Gainera, zuzendaritzarekin espedientearen aplikazio "bidezkoagoa" negoziatzen saiatu denean, enpresak uko egin diola salatu du sindikatuak.

Enpresari eskatu diote gai horiei buruzko azalpenak emateko eta akordio batera iristeko. Bestela, bide juridikora eta sindikalera joko du ELAk, "bai hitzarmena bai ABLEEa behar bezala aplika daitezen".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide