Arabako Errioxako lau ardo sartu dira Atkinen podiumean

Erredakzioa 2021ko ots. 19a, 09:00
Carlos Fernandez Tierra upategiko arduradunak mahastizainaren saria lortu du. TIERRA

Mundu mailan itzal handia duen Tim Atkin Ardoaren Maisuak Bastidako Tierra upategiko Carlos Fernandezi mahastizain onenaren saria eman dio. Lanzaga, Amaren eta Pago de Larrea ere nabarmendu ditu.

Bastidako Carlos Fernandezek (Tierra upetegia) urteko mahastizainaren saria lortu du Tim Atkin Ardoaren Maisuak urtero argitaratzen duen Errioxako jatorri-deitura duten ardoen zerrendan. Ardo bilduma zabala duela nabarmendu du aditu britainiarrak, gero eta nortasun handiagoa, eta, horren ondorioz, bere upeltegia Atkinen sailkapenean sartu da.

Halaber, 2019an urteko mahastizainaren saria lortu zuten Lantziegoko Lanzaga upategiko Pablo Eguzkizak eta Telmo Rodriguezek, aurten Las Beatas 2018 markarekin, ardo beltzaren saria eskuratu dute.

Amaren eta Caecus

Errioxa sor-marka duten ardo zuriak ere jasotzen ditu Atkinen zerrendak, eta horretan ere Arabako Errioxako bi sartu dira podiumean. "Aurkikuntzen" artean, Luis Cañasen Amaren 2014 ardoa dago. Kalitatea eta prezioaren arteko orekari ondoen eusten dioten ardoen artean, berriz, Eltziegoko Pago de Larrea da Atkin gehien harritu duenetako bat; Best value saria lortu du 2019ko Caecus Fermentado zuriagatik.

Atkinek urtero Errioxa jatorri izendapeneko ardoen artean egiten duen azterketaren emaitzak dira horiek. 1.200 ardotik gora dastatu ditu adituak zerrenda osatzeko. Mundu mailan itzal handia duten bi adituren iritziak, Atkinen berarena eta Robert Parkerren taldearena, garbi utzi dute behin baino gehiagotan Errioxako ardo beltz bikainen %80 baino gehiagok Arabako Errioxako eta Sonsierrako mahastietako mahatsa daramatela. Gainera, haien balorazioek mundu osoan dute eragina, eta erreferentzia bezala erabiltzen da puntuazio handiko ardoak erosteko orduan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide