Turismoak pisu handia du Arabako Errioxan eta, bereziki, Guardian; koronabirusak mahai gainean zeuden aurreikuspen guztiak lehertu ditu. Guardiako turismo bulegoko teknikari Zuriñe Gamarrak azken urteko bilakaeraren errepasoa egin du, eta esku artean duten erronkaz ere hitz egin du.
Astelehenetik debekatuta dago berriro udalerrien arteko mugikortasuna. Guardian, baina, aurretik dago indarrean neurri hori, eremu gorrian sartuta dagoelako. Nola eragiten die itxierak bertako herritarrei?
Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako udalerri guztiak itxita daudenean bezala, baina, gure kasuan, urtarrilaren 19tik eremu gorrian gaudenez, ostalaritza ere itxita dagoela gehituta. Gizarte-bizitza oso mugatuta dago; yoga, pilates edo margoa bezalako aisialdi eta kirol jarduerak etenda daude. Egoera horri gehitu behar zaio, gainera, aurreko itxieran gertatu ez zen bezala, oraingoan positibo ugari dagoela udalerrian, eta horrek kezka sortu du. Bestalde, pertsona asko daude aldi baterako lanik gabe.
Bisitari gabe, zelan eragiten dio egoerak Guardiako turismoari?
Establezimendu turistiko guztiak itxita daude: ostatuak, jatetxeak, tabernak, jarduera enoturistikoak, zerbitzu turistikoen enpresak eta museoak. Horrekin lotuta, gaineratu behar da merkataritza ere oso kaltetuta dagoela, turismoaren menpe dagoelako. Ekonomikoki, galera asko daude. Merkataritza elkarteak eman berri dituen datuen arabera, 2020. urteko itxieratik hilabete gutxira, Arabako Errioxako establezimenduek fakturazioaren %59 galduta zuten, batez beste.
Martxoan urtebete beteko da koronabirusak gure bizitza aldatu zuela. Zer balantze egiten du Guardiako turismo bulegoak azken urtean?
"2019. urtean, 80.425 turista jaso genituen eta 2020an, berriz, 24.311"
2019. urtean, 80.425 turista jaso genituen eta 2020an, berriz, 24.311. Nabarmentzekoa da 2020rako aurreikuspenak oso onak zirela; izan ere, 2020ko otsailean 2019ko otsailean baino 2.000 pertsona gehiago jaso genituen. Baina koronabirusa heldu zen eta aurreikuspen guztiak bertan behera geratu ziren. Lehen konfinamenduaren osteko berrirekitzean, atzerritarren falta handia sumatu genuen; kontuan hartu behar da zenbait hilabetetan bisitarien %30 direla. Eta berdin bidaia-agentzien taldeekin; oso gutxi egon dira, mota guztietako establezimenduetako eta bisita gidatuetako edukiera mugatuta egon delako eta dagoelako.Pasa den urteko hilabete onenak uztaila eta abuztua izan ziren, aurreko urtean baino %50 turista gutxiago jaso bagenuen ere. Hilabete horietako balorazioa positiboa izan zen, lan egin ahal izan genuen. Baina, uda amaitzean, mugakideak diren erkidego batzuen itxierarekin eta edukiera gehiago mugatzeko neurri berriekin, bisitarien kopuruak nabarmen egin zuen behera; mugikortasun faltak eragin du beherakada hori.
Ostalaritza itxita dago. Nola daramate ostalariek?
Azken itxiera perimetrala agindu aurretik bazeuden itxita zeuden establezimendu handiak, hala nola, ekitaldien antolatzaileak edo banketeak edo konbentzioak prestatzen dituztenak; Araba mailako mugikortasuna ez zen nahikoa zabalik mantendu ahal izateko. Establezimendu txikiek eta familiarrek, berriz, zabalik egoteko ahalegin berezia egin dute, zenbait kasutan negozioa berrasmatuz, otorduak egiten eta etxez etxe banatzen. Oro har, denek galdu dute fakturazio handia. Kontuan izan behar da turismoak pisu handia duela Guardian: zazpi hotel, bi nekazaritza-turismo, bost landetxe eta hainbat etxebizitza turistiko ditu; hain justu, 400 plaza edo ohe. Horrez gain, 17 jatetxe eta 17 taberna ere badaude.
Eta ardogileak?
Mahastizain askok ardoa ostalaritzan saltzen dute, eta ostalaritzaren itxierekin salmentak izugarri jaitsi dira erkidego guztietan. Upategi batzuek online salmentaren aldeko apustua egin dute, ohiko jardueraren osagarri gisa. Horrez gain, upategietara eta jarduera enoturistikoetara egindako bisitak murriztu egin dira mugikortasunaren eta edukiera mugatzearen ondorioz; izan ere, taldeak 5 pertsona eta gidarira mugatu izan dira. Eta enpresa askorentzat egoera hori bideraezina denez, itxita daude.
Azken hilabeteotan, barneko turismoaren aldeko apustu garbia egin da.
"Udalaren menpe dauden monumentuetarako bisita gidatuen deskontu pakete bat sortu dugu, bisitarientzako prezio bereziarekin eta orain arte existitzen ez ziren kolektibo jakin batzuentzako tarifa berezi batekin"
Bai, hala da, eta hainbat neurri jarri izan ditugu martxan. Guardiako turismo bulegotik, udal sare sozialen bitartez, turismo-establezimenduak, upategiak eta dendak sustatu ditugu, haien eskaintzaren berri emanez. Gainera, Udalaren menpe dauden monumentuetarako bisita gidatuen deskontu pakete bat sortu dugu, bisitarientzako prezio bereziarekin eta orain arte existitzen ez ziren kolektibo jakin batzuentzako tarifa berezi batekin. Azkenik, Gabonei begira, Udalak kanpaina bat jarri zuen abian, herriko merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan kontsumitzeko deskontu bonuekin.
Bestalde, Arabako Errioxako Kuadrillatik indarrak batu al dira inguruko turismoa bultzatzeko?
Kuadrillatik, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidearekin, Arabako Errioxako upategien Elkartearekin eta Guardiako Merkatarien Elkartearekin lankidetzan, Udazken errepikaezina kanpaina egin zen Euskal Autonomia Erkidego mailan, gertuko turistak erakartzeko eta bestelako jarduerak ere antolatu dira eskualdeko kontsumoa sustatzeko, hala nola, online bidezko publizitate kanpaina bat, ostatu eta turismo bulegoetarako QR kodedun erakustokiak diseinatzea eta egitea eta baita kuadrillaren webgunean turismoaren atala diseinatzea eta eguneratzea ere.
Koronabirusak eragindako gorabeherak amaitzean, egoera lehengora itzuliko dela edo ohiturak aldatu egingo direla uste al duzu?
Oro har, uste dugu mundu guztia dagoela bidaiatzeko irrikan, baina, aldi berean, aurreko egoerara itzultzeak denbora asko beharko duelakoan ere bagaude. Ohiturak eta joerak aldatzen ari direnez, gure zerbitzuak egoerara eta egungo eskarira egokitu behar ditugu, turismo jasangarriagoa, osasungarriagoa eta pilaketa gutxiagokoa izateko.