Diru laguntzen %76 bost upategiren esku izan da azken bost urteetan

Erredakzioa 2020ko abe. 7a, 10:18
Eusko Jaurlaritzaren laguntzen %50 Pernod Ricard Winemakersen esku dago. / GOOGLE MAPS

EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean salatu duenez, azken bost urteetan banatutako 96 milioi euroen %76 bost upategiren esku geratu da. Horren aurrean, Arabako Errioxako upategi txiki eta familiarrei laguntza berriak ematea proposatu dute.

Iragan ostiralean, Arabako Errioxako upategi txiki eta familiarrei zuzendutako laguntza berriak bideratzea proposatu zuen EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean, euren ustez "upategi handiak eta nekazaritza eredu industriala saritzen dituen egungo diru laguntza politikaren aurrean".

Izan ere, talde subiranistako legebiltzarkide Itxaso Etxebarriak salatu duenez, soilik bost upategik jaso dute azken bost urteetan diru laguntzetan banatutako 96 milioi euroen %76. EH Bilduren eskaera bati erantzunez Eusko Jaurlaritzak berak emandako informazioen harira, datuak "lotsagarriak eta oso kezkagarriak" direla adierazi du legebiltzarkideak.

250 upategi

Arabako Errioxan 250 upategi baino gehiago daude. Etxebarriak zerrendatutako datuen arabera, upategi bakar batek Pernod Ricard Winemakers Spain enpresak 48 milioi euro jaso ditu, laguntza guztien erdia. 73,1  milioi euro bost enpresaren esku gelditu dira, banatutako laguntza guztien %76: aipatutakoaz gain, Bodegas Faustino S.L, CVNE S.A, Bodegas de los Herederos de Marques de Riscal eta Araex.

Upategi familiarrek, berriz, banatutakoaren %4,3 baino ez dute jaso, nahiz eta upategien %75 izan.

"Laguntzen orientazioa eta helburuak birplanteatu behar dira, administrazioek kolektibo ahulena babesteko; hots, familia upategiak eta txikienak", aldarrikatu du EH Bilduk. Helburu horrekin, bi ekimen defendatuko ditu:

  • Alde batetik, diru laguntzen onuradun diren upategiei erantzukizun soziala bermatzea; erantzukizun sozial horrek oinarrizko bi alderdi ekarriko lituzke: "Ekoizpen kostuak estaliko dituen prezio duina bermatzea eta langileei lan baldintza duinak bermatzea".
  • Bestalde, upategi txiki eta familiarrei zuzendutako laguntza lerro berri bat sortzea: "Ekoizpenaren kalitatea, ingurumenarekiko konpromisoa, mahatsa Arabako lurraldetik etortzea edo ekoizpen ekologikoa saritzeko".

EH Bilduren ustez, "ezinezkoa da milioi gehien jaso dituzten upategietako batzuek prezio duinak ez eskaintzea mahatsagatik, baita ekoizpen kostuen azpitik ere". Horrez gain, Etxebarriak gogorarazi du ardogintzako sektoreko langileek dagoeneko bi urte daramatzatela hitzarmenik gabe.

Kike Fernandez de Pinedo eta Itxaso Etxebarria, Eusko Legebiltzarrean. / EH BILDU

 

"Konpromisoetarako garaia"

Bestalde, Kike Fernandez de Pinedo Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramaileak salatu duenez, Europako Batasunetik heltzen diren upategietako inbertsioetarako laguntzen %7 bakarrik bideratzen da upategi txiki eta familiarretara; hots, urteko 1.000 euro baino gutxiagoko diru laguntza Arabar Errioxako upategi txiki bakoitzarentzat.

"Ez dute betetzen Europar Batasunaren beraren helburua: landa garapena bultzatzea, nekazaritza errenta hobetzea, eta nekazaritzako lehengaiaren balioa handitzea; eta upategi txiki eta familiarrez ahazten direlako", kritikatu du EH Bilduk. "EAJ eta PSEren Arabako Foru Gobernuak ere ez du, antza, kontuan hartzen kolektibo hori".

Pandemia betean, Arabako Foru Aldundiak banatutako A Planaren laguntzarik handiena Araex enpresaren ordezkariari eman zaiola kritikatu du Fernandez de Pinedok; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren laguntzen laugarren onuradunik handiena izanik, 360.000 euro jaso ditu guztira.

"Ez da hitzetarako garaia. Konpromisoetarako garaia da eta etorkizunerako estrategia integral bat bultzatzeko garaia da", adierazi du Fernandez de Pinedok.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide