Arabako Errioxan arduratuta daude ostalaritzaren itxierarekin. Kate luze baten atzean, taberna eta jatetxeetako jabeak, zerbitzariak, banatzaileak eta, noski, ardogintzan lanean dabiltzan beharginak ere. Candido Besa upategitik, Villabuenan, Esti Besa ardogileak "premiazko neurriak" eskatu ditu sektorearentzat ALEA FM saioan.
Zer lanekin zabiltzate orain Arabako Errioxako upategietan?
Aurten aurreratu egin da uzta. Irailean hasi ginen mahatsa biltzen eguraldiagatik, eta ia denok amaitu dugu bilketa. Gure kasuan, ardoaren prozesua amaitu dugu, eta orain hartzidura, garbiketa eta halakoak egiteko garaia da.
Kalitate handiko uzta izan da aurtengoa, ezta?
Bai, hartu duenak bai (barrez). Villabuena, Leza, Navaridas eta inguru honetan harriak jo zuen, bortizki, eta uzta urria izan dugu. Jaso duguna ona izan da, baina oso eskasa. Harririk izan ez den lekuetan oso ona izan da, bai kalitate aldetik, eta baita kantitate aldetik ere.
Eta, honekin batera, ostalaritza itxi dute. Bezero garrantzitsuena dira tabernak zuentzat?
Bai, jatetxeak eta tabernak. Eta upategietan zegoen bizitza ere akabatu dute honekin. Azken urteetan enoturismoa jarri da martxan, hemen adibidez upategi txiki eta handien artean martxan jarri genuen egitasmo berri bat, eta hori guztia gelditu egin da. Ia astebururo izaten genituen bisitak, bazkariak, dastaketak... dena eten da.
"Hasieran uste genuen erosteko modua aldatuko zuela jendeak... baina kea izan da"
Zein da aldartea ardogileen artean?
Kezka handia dago, eta sentsazioa daukagu bazterrean utzi gaituztela, ostalariei bezala. Gauza guztietan bezala, txikiak ari dira ordaintzen hemen ere. Jakin dugu Arabako Aldundiak diru laguntza zuzenak aurkeztu dituela ardogintzan aritzen garenontzako, 725.000 euro, baina ikusiko dugu zertan geratzen den. Lehenengo konfinamenduan Basque wine izeneko proiektu handi bat aurkeztu zuten, laguntza handi bat, eta guk ez dugu ezer jaso. Benetan oso haserre eta kezkatuta gaude, eta horrela ikusi zen joan den astean Guardian ostalaritzak deitu zuen manifestazioan. Izan ere, zerbitzuekin oso lotuta goaz; Arabako Errioxan gehienok ardogintzatik bizi gara, eta beste erdia zerbitzuetatik, biak lotuta doaz, beraz egoera txarra da...
Batetik galtzen ari zaretena, beste batetik irabazten ari zarete? Dendan ardo gehiago saltzen al da?
Bai, hori bai. Gu ekologikoan ari gara lanean, eta gure bezero asko dira ekonomatokoak, kontsumo dendetakoak, kooperatibetakoak... Eta horretan nabaritu dugu salmenta igo dela, bai aurreko konfinamenduan, martxoan eta apirilean, eta orain berriz ere. Baina hori ere kea da; hasieran pentsatzen genuen jendeak buelta eman ziola erosteko moduari, konturatu zela zuzeneko salmentaren garrantziaz, gertuko salmentaz, denda txikien garrantziez, kalitatezko produktuez... baina ohiko egoerara bueltatu garenean, berriz ere lehengora bueltatzen da jendea. Bestalde, gure upategian ez dugu nazioartera saltzen, baina hala egiten duten upategietan ere sekulako beherakada izaten ari dira.
Ardoa saltzeko modu berriak aztertzen ari zarete?
ABRA Arabako Errioxako ardogileen elkarteak webgune berri bat jarri du martxan, eta, ez dakit, ikusiko dugu balioko duen... Baina egia da bide berri bat behar dela, eta horrelako gauzak ere aztertu behar ditugu. Jendeak, gainera, gero eta gehiago jotzen du halakoetara; ez dakit nik onerako den ala ez...
Nola aurreikusten dituzue hurrengo hilabeteak? Gabonetako kanpaina ere bertan da.
Aurreikuspen beltza egiten dugu. Gabonak izango dira lehenago; kanpaina garrantzitsua da, tabernengatik eta azokengatik, eta ikusiko dugu nola doan. Eta hurrengo hilabeteei begira, gaizki. Laguntzak ez dakigu noraino iritsiko diren; 2.500 euro izan daitezke? 3.000? Eta ongi etorriak izango dira, baina horrek ez du arazoa konpontzen. Guk hiru hilabeteko BEZ-a ordaindu dugu, eta hori baino gehiago ordaindu dugu, eta argia hilabetero, eta ura hilabetero, eta mailegurik bada... Azken batean, hori guztia ordaindu egin behar da. Agian hortik jo beharko lukete laguntzek; gizarte-segurantza, BEZ-a... maiz ordaintzen ditugun zerga horietarako laguntzak. Langileei dagokienez, gure kasuan, langile bat dugu gurekin, eta aurrera jarraitu behar dugu, ezin dugu aldi baterako espedienterik edo halakorik hartu, mahastiak ezin dira alde batera utzi.