Arabako Errioxako ostalaritza ere kalera atera da

Erredakzioa 2020ko aza. 13a, 12:49
Guardiako plazatik abiatu da ostalarien manifestazioa. / EH Bildu Araba

Manifestazio jendetsuan, laguntzak eskatu dituzte tabernen itxiera eta turismoaren beherakadatik.

Dozenaka lagun atera dira gaur kalera Guardian, ostalaritzari babesa eman eta Eusko Jaurlaritzak jarritako murrizketei aurre egiteko laguntzak eskatzeko. Guardiako enpresen sustapenerako elkarteak deituta (DELA) deitu dute manifestazioa, eta 70 taberna eta jatetxe batu dira mobilizaziora.

Manifestazioa 12:00etan hasi da Guardiako Plaza Berritik eta herri osoa zeharkatu du. Arabako Errioxa aurrera! oihuen artean egin dute martxa, eta protestaren amaieran egoera honek nola eragiten duen azaldu dute panel batean: agerian utzi dute Arabako Errioxan lan egiten duten biztanleen %50 zerbitzuen sektorean aritzen direla.

Elkarteak adierazi du badakiela osasun-egoera larria dela eta neurriak hartu behar direla, baina ez du ulertzen murrizketen gogortasuna. "Gobernuak hartutako neurriekin batera, sektore horiei laguntzeko neurriak iragarri behar dira, anestesiarik gabe ixtera behartzen gaituztelako. Erakundeetatik aurreikuspen falta bat egon da, aspalditik iragarrita zegoenean udazkenean beste agerraldi bat egiteko aukera". Horregatik guztiagatik, establezimendu horiek gutun baten bidez Eusko Jaurlaritzari eskatu diote, besteak beste, alokairuetarako laguntza eta presio fiskala jaistea.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide