guardiako aintzirak

Eskualdeko azken hezegunea

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko urr. 18a, 08:00

Irailetik martxora arte da Guardiako aintzirak bisitatzeko momenturik egokiena, udazkeneko lehen euriteek berriro bete baitituzte. Hegaztiak eta ingurune berezia gozatzeko gertuko tokia da.

Guardiako urmaelak 2016. urtetik dira Kontserbazio Bereziko Eremua, eta ordutik, gainera, Natura 2000 Sarearen parte dira. Biotopo babestu hori urte osoan zehar bisitatu badaiteke ere, irailetik martxora bitartean ikus daitezke hegazti gehien. Espezie horiek oso izutiak direnez, komeni da ahalik eta zarata gutxien egitea eta prismatikoak edo teleskopioa erabiltzea.

Bisita motza egiteko asmoa izanez gero, El Prao de la Paulekoa da hezegunerik egokiena, Guardiatik 500 bat metrora eta bide bat egokiturik baitago haren inguruan. Gainera, hegaztiak erraz behatzeko lekuak prestatu dituzte. Aintzira bakoitza bere aldetik bisitatu daiteke, baina bada 11,5 kilometroko ibilbide bat aintziragune osoa ezagutzeko. GR-38 Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea eta GR-120 Inaziotar Bidea baliatzen dira txango hori egiteko.

Arabako Errioxako herri horren ekialdean eta hegoaldean kokaturiko lau hezegune dira biotopo berezi. Carralogroño eta Carravalseca urmael endorreikoak dira, alegia drainatzerik ez duten guneak dira; normalean euriaren uraz bestelako ekarpenik jasotzen ez dutenak. Horrenbestez, aintzira horietako ur-maila asko aldatzen da urtaroaren arabera. Sakonerarik handiena udaberrian izan ohi dute. Ondoren, prezipitazioak urritu eta tenperaturak igotzen direnez, aintzirak lehortu eta gainazal zuri bihurtzen dira. Kolore zurixka hori ura lurruntzean eta hartan disolbatutako gatzak hauspeatzen direnean sortzen da. Udaren ondoren, udazkeneko euriteek berriro betetzen dituzte aintzirak.

Carralogroño eta Carravalseca Arabako Errioxa inguruko azken hezeguneak dira. Gainerako guztiak desagertu ziren, laborantzarako lehortu baitzituzten. Hain zuzen, hori gertatu zitzaion Muscoko hezeguneari, bi aintziren artean zegoenari, eta egun ere berreskuratu dutena.

Prao de la Paul, aldiz, aspaldi putzuz betetako leku baten gainean sortutako urmael txiki bat da. Ura du urte osoan, eta, horregatik, ur hegazti asko egoten dira bertan, migrazioan zehar atseden hartzen eta negua pasatzen. El Praok garapen handia izan du, bertan arrainak eta karramarroak sartu zituztelako, eta Errioxako ur hegaztiak hurbil daudenez, azken urteetan amiltxoriak (Nyctycorax nyctycorax) eta koartzatxo itzainak (Bubulcus ibis) kokatu dira bertan.

Hegazti bereziak

Guardiako aintziretako hegaztiek kontserbazio-interes handia dute EAEko eremuan; bai populazioen tamainagatik, bai espezieen aniztasunagatik eta baita espezie horietako batzuen kopuru txikiagatik. Berrogeita hamar espezie desberdin baino gehiago atzeman dituzte urtean zehar, eta horietako zazpik, gainera, habiak egiten dituzte. Tartean, txilinporta txikia (Tachybaptus ruficollis), murgil handia (Podiceps cristatus), basahatea (Anas platyrhynchus), murgilari arrunta (Aythya ferina), uroilanda handia (Rallus aquaticus), uroilo arrunta (Gallinula chloropus) eta kopetazuri arrunta (Fullica atra).

Guardiako urmaelak mahastiak nagusi diren inguru batean kokatuta egoteagatik ere bereziak dira. Jarduera horrek eragina izan baitu ekosisteman. Izan ere, landaredi naturalak oso urriak dira eta mahastizaintzaren eraginez sedimentuak, ongarriak eta gai fitosanitarioak heltzen dira urmaeletara.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide