Bi langile hil dira Lapuebla de Labarcako upategi batean

Erredakzioa 2020ko urr. 7a, 21:38
Lapuebla de Labarcako Espada Ojeda upategian gertatu da ezbeharra. / @BomberosAraba

Lapuebla de Labarcako Espada Ojeda upategiko mahats depositu batera erorita hil dira bi beharginak.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, 53 eta 56 urteko bi langile hil dira Lapuebla de Labarcako Espada Ojeda upategian, mahats biltegi batera erorita. Horietako bat Lapuebla de Labarcako alkate ohia da, Daniel Espada; eta bere senide bat ere hil da istripuaren ondorioz.

Lan-istripua 19:40ean gertatu da, bi langile upategiko instalazioetan lanean ari zirela. Hainbat iturriren arabera, horietako bat biltegi batera erori da, eta hori laguntzen saiatu den behargina ere barrura erori da. Biak hil dira ezbeharrean, dirudienez tufoaren -mahatsen fermentazioek eragindako gas karbonikoa- ondorioz.

Errioxako Osasun Zerbitzuko langileak bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin bi langileak salbatzeko.

Gorpuak Gasteizko Auzitegiko Institutu Anatomikora eramango dituzte, autopsia egiteko. Errioxako Larrialdietako Berehalako Erantzun Talde (ERIE) psikosoziala upategira joan da, baita Lan Ikuskaritzako talde bat eta Ertzaintza ere. Gertakariak ikertzen ari dira orain.

"Lur jota gaude. Covid-19arekin kezkatuta, eta tufoa dator gure bizitza izorratzera", adierazi du ABRAko zuzendari Ines Baigorrik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide