Gizon bat atxilotu dute Mañuetan beste herritar bati aizkorarekin eraso egiteagatik

Erredakzioa 2020ko urr. 5a, 08:50
Ustezko erasoa larunbateko 10:00ak aldera izan zen, Mañuetan. / banosdeebro.es

Ertzaintzak 39 urteko gizon bat atxilotu zuen larunbat goizean, Mañuetan, ustezko lesio delitu bat leporatuta. Ustez, beste herritar bati aizkora batekin eraso egin zion buruan, berarekin eztabaidan ari zela; eta lesio larriak eragin zizkion.

Larunbateko 10:00ak aldera, Ertzaintzak laguntza eskaera bat jaso zuen Arabako Mañueta herritik, gizon bat eraso larri baten biktima izan zela esanez. Dirudienez, eztabaidan ari zirela, liskarrean inplikatuetako batek beste gizonezko bat aizkora batekin jo zuen buruan.

Patruila bat berehala hurbildu zen herrira, eta egiaztatu zuen osasun zerbitzuak jada ari zirela biktima artatzen. Buruan ebaki bat zuen, eta ospitalera eraman behar izan zuten.

Ustezko erasotzailea laster aurkitu zuten inguruan, eta lesio delitu bat leporatuta atxilotu egin zuten. Gizona Guardiako Ertzain-etxera eraman zuten beharrezko izapideak egitera, ondoren epailearengana eramateko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide