Arabako ardogintzan "hitzarmen duina" eskatu dute

Erredakzioa 2020ko urr. 2a, 10:26
Asteon egindako mobilizazioaren irudia. LAB

Bastidan hasi eta Oionen bukatutako auto-karabana egin dute, langileen lan baldintzen defentsan.

LAB, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, Arabako ardogintza sektorean "benetako negoziazioa eta bidezko hitzarmen duina" eskatzeko mobilizazioa egin dute asteon Arabako Errioxan. Langileen lan baldintza duinen defentsan, auto-karabana abiatu dute Bastidan, eta Villabuena, Samaniego, Guardia, Eltziego, Lapuebla de Labarcatik pasatu ostean, Oionen amaitu dute. 

Gogorarazi dute sektoreko hitzarmenak sinatu gabe jarraitzen duela, 22 hilabeteko negoziazioen ostean. Horren lotuta, honakoa salatu dute: "Aurreko hitzarmena hiru urterako sinatu zen; 2016, 2017 eta 2018 urteek %2, %2 eta %2,25eko soldata igoerak jasotzen zituen, hurrenez hurren. Eta, hala ere, hilean 1.000 euro inguru kobratzen duten langileak daude".

Sindikatuek azaldu dute alarma egoeraren aurreko azken bileran, martxoaren 4an, "nahikoa hurbildu" zirela, "gai sozialen inguruko puntu pare bat adostea eta urteroko igoera portzentaiak zehaztea baino ez zen falta".

Baina pandemia etorri zen eta negoziazioak geratu egin ziren: "Ados gaude Covid-ak ziurgabetasuna sortu duela, baina ez enpresariei soilik. Sektoreko langileek gehiegizkoak ziren ABEEEetara lotuta egon gara, eta gehienetan ez dira euren baldintzak hobetu", adierazi dute. Gaineratu dute iraila iritsi dela eta upategi guztiak %100ean ari direla lanean, mahatsa kostu prezioan erosiz, ardoaren salmenta prezioak gora egiten jarraitzen duten bitartean.

Egoera horren aurrean, mobilizazioak egitera "behartuta" daudela azpimarratu dute, eta horrela jarraituz gero, "gogortu" egingo dituztela ohartarazi dute: "Lan-baldintzak hobetzea posible da, eta ardogintza sektoreko hitzarmena berritzea upategien borondate faltaren arazoa baino ez da", arbuiatu dute sindikatuek.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide