Edurne Azkarate | Arabako Errioxa

Mahasti artean, noraezean

Anakoz Amenabar 2020ko abu. 8a, 11:00

Edurne Azkarate, mahatsondo artean, lehengusuarekin jolasean. / E. Azkarate

Ardogintzari lotutako turismo eskaintza alde batera, Oion inguruko paisaiaz gozatzeko aukera egin du Edurne Azkaratek; mahastietan galdu eta erreferentzia naturalekin bidea aurkitzeko proposamena.

Aldian behin bueltatzen da Edurne Azkarate (Oion, 1993) jaioterrira, gertukoekin elkartu eta mahasti artean galtzera. Konfinamendu osteko bisita inoiz baino zirraragarriagoa izan da, ordea, etxekoekin biltzeaz gainera, bertako paisaiarekin berriz ere lotzeko unea izan baita. "Konturatu naiz bisualki zeinen zabala den, zeinen eguraldi lehorra... mahastietan bizi izandako oroitzapenekin berriz konektatu eta ingurua berriro ere baloratzeko momentua izan da". Eta horixe bera egitera animatu nahi ditu bisitariak: inguruko mahastietan paseatzera. Berripaper turistikoetan gogaitu arte errepikatzen diren ardo eta ustiaketaz harago, paisaia bera nabarmendu nahi du.

Itxialdian arnasgunea izan dira mahatsondo arteko paseoak oiondarrentzat, eta hara bueltatu da azken egunetan Azkarate ere, aitonarenak ziren mahastietara. "Gaur egun ez dugu ustiatzen, ez da lanbidea, baina tradizio modura familiak mahatsa eta olibak jaso eta kooperatibara eramaten ditu". Gogoan ditu, baina, umea zela han egiten zituzten egun-pasa luzeak, uzta bilketarekin batera. "Guk ez genuen gehiegi laguntzen, egia esan, jolasten egoten ginen; orduan ez zegoen jostailu gehiegirik, eta bertan genuenarekin jolasten genuen, plaza edo lurra kar kar". Ez ditu ahazteko jendeak deskantsatu behar zuenean mahastietan antolatzen ziren hamaiketako ederrak, edota lagunekin inguruetan egindako mahats eta almendra janak. "Salir a racimar esaten zaio horri, inguruko mahastietan jateari. Baina, noski, hemengo idatzi gabeko legeak dio lur horretan mahatsa bilduta egon behar dela eta soberakinak edota bildu ondoren ateratakoak jan behar direla. Ezin da edozein lekutan meriendatu!". 

"Mahastietako oroitzapenekin eta inguruarekin berriz konektatu dut azken ibilaldietan"      

Aspaldi bertatik ibili gabe, ingurua zein berezia den jabetu da azken aldian. "Konturatu naiz zeinen onuragarria den niretzat mahastietatik ibilaldia egitea, herrigunerik ikusten ez den lekura heltzea, zabaltasuna, dena soro...". Arabako Errioxara  gerturatzen direnentzat proposamen desberdina izan daiteke. Mendietan galtzea izaten da ohiko aukera, baina bestelako ingurune naturaletan probatzera ere animatu ditu bisitariak: "Erreferentziak oso errazak dira, mendi eta ibaiengatik, eta ariketa oso dibertigarri bat izan daiteke mahastietan barrena galdu eta erreferentzia naturalekin herrigunera nola bueltatu deskubritzea". Haur zein nagusi, denak elkartzen dira mahasti artean. "Eta orain ez da hain eraginkorra, mahatsondoak ez direlako altuak, baina txikitan ezkutaketan jolasteko laberinto guaya zen". Hori bai, eguraldia kontuan izan behar da. Bero saparekin komeni da ingurune freskoago bat topatzea. "Egia da, umetan, uda partean ez zigutela etxetik irteten uzten seiak arte edo... sekanoko aholkuak".

Mantible zubia

Rio Grande erreka txikia gertu igarotzen da, eta Ebrora arteko paseoa ere egin daiteke. Bidean,  ezin Mantible zubi erromatarra bisitatu gabe utzi. "Txango polita izaten da zubira artekoa. Ikastolarekin ere egin genuen, bizikletaz", gogoratu du Azkaratek. Oiondik Sernara doan bidexka hartu behar da, eta, behin herri txikian, ibaira jaisten den norabidea hartu behar da. Ebro ibaiaren bi aldeak batzen zituen, eta horretarako 164 metroko luzera, bost metroko zabalera, hogeita hamar metroko garaiera eta erdi-puntuko zazpi arku zituen; gaur, arrastoak baino ez dira geratzen, bi arku eta gainerakoen zutabe zatiak. "Kondairak dio deabruak egin omen zuela gau batean".

Iberiar penintsulako handienetako bat izan zen Mantible zubia. / PHOTO.OK

Hantxe elkartzen dira ibaiak banatuta dituen Errioxa eta  Arabako Errioxa. Lurraldeak bereiztuta badaude ere, eskualde bera da, eta mugen arteko harremana ere estua, Azkaratek aipatu moduan. "Nahiz eta tarteka liskar batzuk dauden, esango nuke oso harreman naturala dugula; Oiongo jendeak Logroñon egiten du lan, eta Logroñokoak hemen… lagunak nahastuta ditugu hemendik eta handik, baita Viana (Nafarroa) aldean ere. Mugak muga, oso harreman naturala da". Gertutik bizi izan ditu joan-etorriak, eta Oionek berak azken urteetan izan dituen aldaketak. Nabarmen hazi da ingurua. "Geroz eta biztanle gehiago daude, eta geroz eta anitzagoa da gainera. Eta herria bera; gogoan dut parke bakarra genuela txikitan, eta hainbat daude orain. Halere, herri txikia izaten jarraitzen du".

'Zaldi urdina'

Nahi baino gutxiago, baina ahal duenean bueltatzen da herrira; besteak beste, antzerkiak uzten dionean. Izan ere, konfinamendua heldu artean Zaldi Urdina antzerki obra arrakastatsuarekin izan zen Euskal Herriko antzokietan, eta hala jarraituko du irailetik aurrera ere. Antzokiak lepo, kritikak ere babesa eman dio 80. hamarkadan drogek utzitako triskantzari buruzko lanari. "Lanean izan naizen bitartean ez dut gehiegi pentsatu,  lanerako kontzentratuta egon nahi nuelako, baina egun batzuk pasata perspektiba pixka batekin… antzokiak beteta ikusita, sarrerak agortzen... Ikaragarria izan da".

Udazkenean eman nahi diote amaiera borobila antzerki obrari, baina bitartean beste saltsa batzuetan ere bada; esaterako, Egunean behin jokoaren zuzeneko saioak aurkezten. Gonbidatu baten laguntzarekin, saioa gidatu du ekainean Youtuben.

Oionen atseden hartzeko parada ere bada, ordea. Azkenekoetan mahastietako plana gauez egin du, lagun kuadrillarekin. "Ikaragarria da iluntasuna eta handik udaran izarrak ikustea".

'Zaldi Urdina' antzezlanarekin dabil Edurne Azkarate aktorea. / ETB

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago