Gure bazterrak

Toloño atarian, harri arrosak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko uzt. 5a, 10:00

Tulonius jainko pagano zeltiarra gurtzeko espazio sakratuaren gainean eraiki zuten kristauek XI. mendean Santa Maria monasterioa. Mila metrotik gora, elizaren hormak zutik mantentzen dira.

Toloño mendira igotzen denarentzat ez da oharkabean pasatuko mila berrehun metrotik gorako altueran kokatuta dagoen tenplua. XI. mendean eraiki zuten arrosa koloreko kareharrian Santa Mariako monasterioa, mendietako jainko pagano bat gurtzeko zegoen espazio sakratuaren gainean. Geroago, XV. mendearen erdialdean, fraideek abandonatu zuten ingurua, eta I. Karlistaldian, 1835. urtean zehazki, tropa liberalek erre zuten eliza.

2017. urtean, tenpluaren hormak eta elur-zuloak sendotzeko neurriak hartu zituen Diputazioak, eraikinen egoera larria ikusirik; halaber, segurtasun-hesi bat jarri zuten eta informazio-taulak.

Mendien jainko indigena

Tulonius izeneko jainko zelta gurtzeko espazioa ziren Toloñoko tontorrean dagoen zelaia eta inguru menditsua, kristauak agertu arte. Hala diote bederen hainbat historialarik, Dulantzin aurkitu zuten erromatarren arka baten inskripzioetan oinarrituta; eta Toloño toponimoak ere jainko indigena horretan duela oinarria adierazi dute ikerketetan. 

Espazio sakratu horren gainean eraiki zituzten kristauek monasterioa, eta XIV. mendearen amaiera arte Jeronimotarren Ordenari lotua egon zen. Alta, 1422an, Calahorrako gotzainari itzuli zioten santutegia monjeek, eguraldi latza eta inguru gogorrak gainditu ezinik, eta urte horietan jazo ziren izotzaldi eta elur erauntsi handiengatik. 

Dena den, ordura arte eta mende luzez, santutegiaren inguruek eragin handia izan zuten inguruko herrietako ekonomian. Aurretik, 1200. urtetik, mahastiak zeuden bertan, baita zereala eta patata ere, eta artaldeak eta zaldiak bazkatzen ziren Toloñoko larreetan. Fraideak bertan kokatu zirenean, Santa Maria elizarekin batera ostatua, sukaldea, taberna eta kartzela zabaldu zituzten inguruetan, eta elizarekin batera Done Jakueren baseliza, Guruztokiaren baseliza, eta Erremelluriko etxaldea sortu ziren. Bi elur-zulo ere eraiki zituzten, eta elurra eramaten zuten herri eta komentu askotara.

Fraideek santutegia utzi zutenean Urizaharra, Bastida, Buradon Gatzaga, Ozio, Bergantzu eta Trebiñuko hiribilduez osatua zegoen Dibisako Ermandadearen esku geratu zen Santa Mariako ingurunea. Hala, XVIII. mendean, hiribildu horien artean errenten administrazioa txandakatzen zuten, eta gainera, bertako udalak urtero joaten ziren erreguka Toloñora, eta zenbait egunetan kontuak ematera.

Aipatutako udalerri horien komuneko lana oroitzeko, gaur egun ere erromeria ospetsua egiten da ekaineko lehen asteburuan. Aurten, koronabirusaren eraginez, bertan behera utzi behar izan dute Bastidako eta Urizaharreko udalek Toloñora igoera.

Kuadrilla: Arabako Errioxa.

Udalerria: Bastida.

Altuera: 1.271 metro.

Ibilbidea: Toloño aski ezaguna da, eta aukera ugari daude bertara igotzeko: Bastidatik, Rivas de Teresotik, Bergantzutik…

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago