Euskal Eskola Publikoaren Jaia

2021eko ekainean ospatuko da Euskal Eskola Publikoaren Jaia

Erredakzioa 2020ko eka. 3a, 09:43
'Hazitik Gora' lelopean ospatzekoa zen Euskal Eskola Publikoaren Jaia.

2020an ez da jai presentzialik egingo, baina jai birtuala ospatuko dute ekainaren 7tik 12ra. Aurten ospatzekoa zen Euskal Eskola Publikoaren Jaia 2021eko ekainean izango da, Bastidan.

Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak (EHIGE) iragarri duenez, 2021eko ekainaren 6an ospatuko da Bastidan aurten ospatzekoa zen Euskal Eskola Publikoaren Jaia.

Aukerak aztertu ondoren eta datorren ikasturtearen hasieran izango dituzten erronka berriak kontuan izanik hartu dute "erabaki zail hau". Eskola publikoaren ospakizuna bertan behera gelditzen den aurreneko aldia da 29 urtetan.

Hala ere, ospakizunik ez da faltako aurten, eta jai birtuala antolatzen ari dira ekainaren 7tik 12ra, Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren urteroko hitzordua mantentzeko asmoz: ekainaren 7an, agurrak eta sorpresak egongo dira; eta ekainaren 8tik 12ra, arratsaldero, euskarazko jarduera bat eskainiko dute internet bidez.

"Konfinamenduan ikasle asko sufritzen ari diren euskararen galerari aportazio xume bat egin nahi izan diogu euskarazko kalitatezko kultur-saioak euren esku ipiniz astean zehar", azaldu dute ohar bidez. Era berean, euskal kulturgileak sufritzen ari diren galerari "aportazio xumea" egin nahi izan diote ere.

Datorren ikasturtean berriz ere ekingo diote Bastida eta Arabako Errioxako ikastetxe publikoen lana aitortzea helburu duen Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren edizioari: "Egoerak baimentzen duen heinean, ikasturtean zehar egingo ditugu jarduerak".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide