Oionek garbiketaren eta lorezaintzaren munizipalizazioa aztertuko du

Erredakzioa 2020ko mai. 22a, 12:34
Zerbitzu publiko horien munizipalizazioa aztertzea onetsi du Oiongo udalbatzak. / PHOT.OK

Garbiketa eta lorategien mantentze zerbitzuen munizipalizazioari buruzko azterketa ekonomikoa eta soziala egitea onartu Oiongo udalbatzak.

Asteazkenean, zerbitzu publiko horiek bere gain hartzea eskatu zion EH Bilduk Udalari. Udalbatzak onartutako mozioaren arabera, munizipalizazioak langileen lan baldintzak hobetuko ditu, besteak beste: "Enplegu duina sortuko luke, kudeaketaren eraginkortasuna hobetuko litzateke, eta etekin ekonomikoak ekarriko lituzke udal ogasunean".

EH Bilduko bozeramaile Jose Manuel Villanuevak gogorarazi du udalerriak Euskal Herriko "langabezia-tasarik altuenetakoa" duela, eta, ondorioz, Udal Gobernuaren "lehentasuna" izan behar dela "langabeziaren aurka eta kalitatezko enplegua sortzearen alde" aritzea.

Gaur egun, garbiketa zein lorategien mantentze zerbitzuak azpikontratuta ditu Oiongo Udalak. Garbiketa lanengatik 130.000 euro ordaintzen ditu urtean, eta lorategien mantentze-lanengatik beste 120.000.

EH Bilduren eta EAJren botoei esker, udalbatzak onartu du balizko munizipalizazioaren azterketa ekonomikoa eta soziala zerbitzu publikoen hurrengo esleipena baino lehenago egitea. Azterketak ondorio ekonomikoak eta gaur egun dauden langileen artean izango dituen ondorioak jasoko ditu.

Villanuevaren ustez, "erakunde publikoek eskaini beharreko zerbitzuen pribatizazioarekin amaitzeko aurrerapauso inportantea da".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide