Bastidak ez du hartuko Euskal Eskola Publikoaren jaia. Ez, behintzat, ekainaren 7an. Berria egunkariak jakinarazi duenez, Ehigek, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak, iragarri berri du atzeratu egingo dutela Hazitik gora! lelopean egitekoa zen festa, koronabirusak eragindako egoera dela eta.
29. edizioa data berri batean ospatuko dutela jakinarazi dute, udalerri berean. Data berririk, baina, ez dute aurreratu.
Arabako Errioxako ikastetxe publiko guztiak ari dira parte hartzen aurtengo Euskal Eskola Publikoaren jaiaren antolaketan: Bastida, Eltziego, Lantziego, Oion eta Guardiako sei ikastetxeak.
"Ikastetxe hauek bizi duten transformazio prozesua aitortu nahi dugu, ikasleen beharretan oinarritutako irakaskuntza euskalduna eta kalitatezkoa eskaintzeko", adierazi dute antolatzaileek.