Igerilekura joateko autobusa eskainiko du Arabako Errioxak

Erredakzioa 2020ko ots. 6a, 17:18
Fuenmayorreko igerilekura joateko autobusa eskainiko dute. / Fuenmayorreko Udala

Martxoan hasiko da Fuenmayorreko igerilekura joateko zerbitzua; eskaeraren araberako ibilbidea egingo du. 

Arabako Errioxako Kuadrillak aurrerantzean autobusa eskainiko die herritarrei igerileku estalira joan ahal izateko. Martxotik aurrera izango dute aukera herritarrek behar dutenean autobusa eskatzeko. Zonaldean igerilekuak mantendu ahal izatea "ekonomikoki bideraezina" dela esan dute Kuadrillatik, eta alternatiba moduan aurkeztu dute.

Hainbat urte daramate Arabako Errioxako Kuadrillan igerileku bat jartzeko proiektuak aztertzen; garai batean Oion eta Guardiak igerileku bana izan zuten, baina itxi egin behar izan zituzten kostu ekonomiko handiagatik.

Herritarren artean hainbat galdeketa egin dituzte, igerilekuaren inguruko interesa neurtzeko, eta halako zerbitzu bat "beharrezkoa" dela uste dute herritarrek. Azterketa ekonomikoak, baina, "bideraezina" dela erakutsi du.

Konponbide moduan, behin behinean bada ere, Fuenmayorreko (Errioxa, Espainia) igerilekura joateko garraioa eskainiko du Arabako Errioxako Kuadrillak. Astearte eta ostegunetan eskainiko dute zerbitzu hori, goizez –09:30ean– eta arratsaldez –16:30ean–; eta ibilbidea eskaeraren araberakoa izango da.

Zerbitzua martxoa erdialdera hasiko dela aurreikusi dute, eta bidaiak, joan-etorria, hiru euro balioko du. Argibide gehiagorako 954-60 02 52 telefonora dei daiteke.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide