Egoera sozioekonomikoa

Arrakala, gero eta handiagoa

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko ots. 10a, 06:00

Eltziegon, Marques del Riscal upategia.PHOT.OK

Ardogintzaren jarduerak arrakala sozial eta desberdintasun ekonomiko handiak eragin ditu Arabako Errioxan; oinarrizko soldata kobratzera iristen ez diren herritarrak eta milioidunen upategiak elkarrekin dira.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordin altuena duen lurraldea da Arabako Errioxa (62.120 euro/urtean), eta gainera azken urteetako krisi ekonomikoa saihestea lortu du eskualdeak. Alta, herritarren arteko errenta desorekak oso handiak dira bertan, eta herritarren %45,6 hilean, gehienez, 930 euroko diru-sarrerekin bizi behar da. 

"Pobreziaren zabalpena, hortaz, garrantzitsua da. Ardogintza sektorearen bueltan osaturiko kohesio sozialak baditu zenbait arrakala", nabarmendu du Gaindegiak. Euskal Herriko eskualdeen egoera sozioekonomikoari buruz egindako ikerketan gizarte garapenerako behategiak argitu du, gainera, enplegua egon badagoela mahastien lurraldean, baina prestakuntza gutxiko lan-eskuaren beharrak prekarietatea eta behin-behinekotasuna sorrarazten ditutela. "Espainiako estatutik kanpo jaiotako biztanleria erakarri du ardogintzak, Marokotik bereziki, egoiliar gutxi baitago prest lan baldintza horietan jarduteko".

Ardogintzaren menpeko

Ardogintzarekin zuzenean lotuta dago Arabako Errioxaren garapen ekonomikoa, sektore guzti-guztietan. Hala, Gaindegiak jaso bezala, lehen sektoreak eskualdeko ekonomiaren balio erantsiaren %12,5a sortzen du, eta industria da balio erantsiaren beste %53,2aren iturburua. Horrenbestez, eskualdeko ehun ekonomikoaren %38,2k zuzenean lehen sektorean dihardu, eta beste proportzio handi bat zeharka sektore honi lotuta dago bai industrian zein zerbitzuetan.

Herritarren jarduera-tasa (%72,2), Euskal Herrian baino txikiagoa da (-4,6), eta langabezia-tasak (%16,9) Euskal Herrikoa gainditzen du (+2,4). Hala, 4.300 landun eta 900 langabetu daude Arabako Errioxan. Guztira, 6.200 bat enplegu daude eskualdean; baina, esan bezala, enplegu horrek behin-behinekotasun handia du eta kasu gehienetan prekarioak dira lanpostuak. 

Arrakala sozial eta ekonomikoari aurre egitearekin batera, populazioaren galeraren aurrean neurriak hartzeko erronkari eutsi beharko diote lurraldean. Izan ere, azken hamarkadan Arabako Errioxako udalerri gehienek biztanleria galdu dute, eta soilik Oioni esker mantendu du eskualdeak hazkunde demografikoa. Gainerako Euskal Herriko eskualdeetan baino zahartze-tasa apalagoa dago bertan, baina hainbat herritan oso agerikoa da: Samaniegon, Mañuetan eta Lezan, adibidez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago