Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) Arabako Mahastiak-Viñedos de Alava jatorrizko izendapen babestuaren eskaera argitaratu du gaur; Arabako Errioxako Upategien Elkarteak (Abra) sor-marka berria sortzeko ekimena martxan jarri zuen 2016. urtean; eta Eusko Jaurlaritzak espedientea izapidetu du. BOEn jasotzen denez, Arabako Mahastiak jatorrizko izendapen babestua izateko eskaerak Europako Batasunaren erregelamenduan ezarritako baldintzak betetzen ditu, eta gaurtik aurrera bi hilabeteko epea ematen du dagozkion alegazioak egiteko.
Rioja Alavesa blogari egindako adierazpenetan, Ines Baigorri Abrako zuzendariak esan du BOEn argitaratzeak eman diola Arabako Mahastiak egitasmoari "ikuspegi zabaleko proiektua izateko beharrezko duen legezkotasuna". Abrako zuzendariak gaineratu du urrats honekin "formalizatu" egiten dela "ulertu ez den eskaera bat".
Arabako Mahastiak sor-marka alternatiba bideragarria dela nabarmendu du Baigorrik, eta Arabako Errioxa osora zabalik dagoela. "Gure enpresa-proiektuak, proiektu pertsonalak eta bizitzako egitasmoak aurrera ateratzeko irtenbiderik egokienak bilatu behar ditugu. Abarako Mahastiak jatorrizko izendapen bat gehiago da. Aukera guztiak ditugu. Ez diegu arazoei irtenbide bakarra eman behar".
Arabako Errioxako 40 upategik baino gehiagok babestu dute Abraren eskaera, eta tramiterako dokumentazioa aurkeztua zuten Eusko Jaurlaritzan 2016ko ekainean. Horren helburua "ustiapenen etorkizuna bermatzea" izango litzateke, negozio eredu "bereizi bat" errespetatuz eta mahastiari dagokion balioa aitortuz.