ALEAk 5 urte

"Ezin dugu albistearen zain egon; albisteak sortu behar ditugu"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko urt. 19a, 19:00

Juantxu Martinez Radio Rioja Alavesa eta Berberana koordinatzen ditu. J.M.

Hogeita hamar urte inguru daramatza Juantxu Martinezek Radio Rioja Alavesa irrati-katea eta Arabako Errioxako Berberana hilabetekaria koordinatzen; ez du bere burua kazetaritzat, "ez nuelako Kazetaritza ikasi"; nahiago du, ordea, kronikaria dela esatea.

Etengabe adi egoteko beharra du, Juantxu Martinezen ustetan, informazio "mikrolokala" lantzen duen medio batek, albistea ez dagoen tokian berria topatzeko.

Zerk bereizten ditu tokiko medioak beste komunikabide batzuetatik?  

Besteak beste, arazoak eta mesfidantzak ekiditeko ildo editorial bat garatzeko gaitasuna. Horretarako ez dago formula magikorik, baina esate baterako, guk irratira txandaka ekartzen ditugu, astero, udal guztietako alkateak, herrian dauden proiektuak azal ditzaten, aurrekontuak eta abar. Guztiei ematen diegu ahotsa eta tarte berdina, kontuan hartu gabe zein alderdi politiko dagoen alkatearen atzean; behin udalak osatzen direnetik ez ditugu siglak kontuan hartzen. 

Albiste nahikoa sortzen da Arabako Errioxan irrati-kate bat eta aldizkari bat elikatzeko?

Toki guztietara heltzea eta gertatzen den guztia behar bezala jasotzea, guretzat, arazoa da. Irratian errazagoa da, egunero, bi ordu eta erdi emititzen dugulako, baina Arabako Errioxan gertatzen den guztia ez da Berberanan sartzen, ez dugu espazio nahikoa. Aldizkaria irrati-katearen alaba da, eta produzitzen dugun guztia bertan islatzea nahiko genuke, baina ez da posible.

"Errespetu handiz jokatu behar duzu, azken finean denak direlako bizilagunak eta kasu askotan ezagunak"

Erreferente garrantzitsua zarete eskualdean; erraza da albisteak aurkitzea?

Sare handia dugu eta baita jendearen kolaborazioa ere, baina adi egon behar gara. Guk ezin dugu albistearen zain egon, albistea sortu behar dugu, ohiko gertakizunak ere komunikabide mikrolokalean albisteak direlako. Adibidez, gizon batek edo emakume batek ehun urte betetzen dituenean elkarrizketatzen dugu; hori gurean albistea da. Gure esparruan, edozein momentuan sortu daiteke albistea; gaur bertan, Bastidan egon naiz aldizkariak banatzen, eta bertako batek komentatu dit alaba Hego Afrikara doala hilabete batzuk ikastera; eta esan diot bueltan deitzeko, eta elkarrizketa egingo diogula. 

Gai labainkorrak jorratzea zailagoa izango da.

Bai. Batzuk lantzea tokatu zait, eta errespetu handiz jokatu behar duzu, aseptikoagoa eta hotzagoa, azken finean denak direlako bizilagunak eta kasu askotan ezagunak. Gaur bertan hitz egin dut Mañuetako hilotza aurkitu duen gizonarekin, baina ez dut argitaratuko gizonak kontatu didana ezta gizonaren izena ere. Ertzaintzak bidaliko duen oharra aterako dugu eta dagoen informazio ofiziala, xehetasunetan sartu gabe. 

Hogeita hamar urte eta gero, Arabako Errioxako sekretu guztiak ezagutuko dituzu.

Ezin duzu inoiz pentsatu dena eginda duzula. "Bastidako satorren" historiari buruz, adibidez, ETB grabatzen ari den erreportaje bati esker jakin izan dut Espainiako Gerran etxeko sotoetan eta upategietan gorde ziren bastidarrak asko eta asko izan zirela; eta 1938. urterako denak atera zituztela eta batzuk 1936. urtean fusilatu zituztela. Historia hori oso ezezaguna da, orain hasi dira kontatzen… Beste alde batetik, Arabako Errioxan, ardoaren inguruan informazio, pasio eta jakinduria handia daude, eta egunero ari dira gauza berriak egiten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago