Gizon baten gorpua aurkitu dute Mañuetako mahasti batean

Gizonezko baten hilotza aurkitu dute Mañuetan. / Argazkia: banosdeebro.es

El Correoren arabera, astelehenean aurkitu zuten hilotza Arabako Errioxako udalerriko lursail batean.

Gizonezko baten hilotza aurkitu zuen atzo herritar batek Mañuetan, Arabako Errioxan. Hildako gizonezkoa, adin ertainekoa, laneko arroparekin jantzita zegoen. Arratsaldean aurkitu zuten, mahastira zihoan nekazari batek lurrean zegoen hilotza topatu zuenean.

Berehala, Ertzaintzari eman zion abisua. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak El Correori baieztatu dionez, 17:15ean jarri zen harremanetan larrialdi zerbitzuekin. Ertzaintzaren hainbat patruila eta mediku bat bertaratu ziren, eta heriotzaren berri eman zuten.

Arratsalde-gauean eraman zuten hilotza Auzitegiko Patologia Zerbitzura, Gasteizko Justizia Jauregian; autopsia egingo diote, heriotzaren arrazoiak argitzeko.

Ertzaintzak zehaztu duenez, printzipioz, "gorpuak ez du kriminalitate zantzurik". Oraingoz, ez dute hildako gizona identifikatu ere egin, baina "35 eta 45 urte artean" kokatzen dute adina.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide