Arabako Errioxan mahats-bilketa bete-betean dagoen honetan, kalera atera dira sektoreko langileak, protestan. Ardogintzaren patronalak lan hitzarmenaren inguruko negoziazioak gelditu dituela salatu dute, Gasteizen. Langileen esanetan, uztailean proposamen bat egiteko konpromisoa hartu zuen patronalak, baina ordutik ez dira berriro bildu.
CCOO, ELA, LAB eta UGT sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez, aurreko hitzarmena 2016. urtean sinatu zuten, hiru urterako, eta 2018an hasi ziren negoziazioak lan baldintzak berritzeko. "Hamar bat bilera egin ditugu abendutik, eta hainbat akordio lortu ditugu, baina soldataren igoerari dagokionez, adibidez, alde handia dugu patronalarekin". Izan ere, patronalak %1,25 puntuko igoera eskaintzen die, baina langileek %2 eta KPI erreala exijitzen dute.