"Azken hamarkadetan instituzioek beste aldera begiratu dute eskualde bati bere izena lapurtzen zioten bitartean". Irmo salatu du EH Bilduko bozeramaile Kide Fernandez de Pinedok Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Diputazioak Arabako Errioxa marka galdu izana. Talde politikoaren esanetan, Errioxako Kontseilu Erregulatzaileak Arabako Errioxa marka erroldatu du, Europan ardogintza eta elikagaiei lotutako produktuak merkaturatu ahal izateko: "Soilik Arabako Errioxako Kuadrillak helegite bat aurkeztu zuen eskaera horren aurrean. Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, aldiz, ez dute inolako mugimendurik egin Arabako eskualde horren izena defendatzeko".
Gauzak horrela, EH Bilduk ekimenak aurkeztu ditu Batzar Nagusietan zein Eusko Legebiltzarrean, Arabako Errioxako marka berreskuratzeko. Fernandez de Pinedo batzarkideak eta Eva Lopez de Arroyabe legebiltzarkideak nabarmendu dutenez, administrazioen "utzikeria" dago gertatutakoaren atzean; eta "Arabako Errioxako ardogintzan ez dutela ibilbide orri bat adierazten du".