Urteroko mahats bilketari ekiteko prest daude Arabako Errioxako mahastizainak, eta, azken egunak izanda, inoiz baino gehiago zerura begira ari dira, eguraldiak aparteko ezustekorik emango ez duen esperoan. Dena ondo bidean, uzta "bikaina" jasotzea espero dute, oro har mahatsak "ontze egonkor eta mailakatua" egiten ari direlako, eta azken egunetako baldintzak "aproposenak" direlako. Hala aurreratu du Nekazaritza Saileko foru diputatu Eduardo Aginakok, Arabako Errioxako Mahats-Bilketaren XXVI. festaren aurkezpenean.
Ardoaren Etxeko teknikariek egiten dituzten txostenetan oinarrituta, diputatuak uste du aurten mahats kopuru "txikiagoa" jasoko dutela mahastizainek, baina, hala eta guztiz ere, ekoizpena "nahikoa" izango dela. Eguraldiaren aurreikuspenak ere alde dituztela adierazi du diputatuak. "Paper txuri bat emango baligute, bertan nahi ditugun baldintzak eskatzeko, funtsean izaten ari diren hauek idatziko genituzke". Abuztuaren 26an izandako ekaitza "susto" batean geratu dela aipatu du, eta kaltetutako landareak "tratamendu fitosanitarioei eta nekazarien zaintzari" esker ondo orbaindu omen dira.
Jaia igandean
Ohi bezala, fruitua jaso baino lehen mahats-bilketaren jaia egingo dute igandean, Mañuetan. Bertako alkate Patxi Garciak aitortu du zaila gertatzen ari zaiola burua bi gauzetan izatea, bilketan eta festan, hain zuzen. Nabarmendu du herri guztia inplikatu dela jaiaren prestakizunetan, eta bi eskaera egin ditu. Batetik, igandean herrira hurbiltzean N-232 errepidea erabiltzeko, hiru kilometro ingurura jarri duten aparkalekua eta bus anezka zerbitzuak baliatuta. Bestetik, pregoilari lanetan arituko den Loquillo abeslaria "gehiegi ez nekarazteko".