"Sare publikoa herritar babesgabeenak eta, batik bat, etorkinak jasotzen ari den bitartean, itundutako sarea –finantzaketa publikoari esker– familia askoren 'babeslekua' bihurtzen ari da". Hala salatu dute Oiongo Ramiro de Maeztu ikastetxeko 110 familiak. Gainera, udalerrian gertatzen ari den eskola segregazioa eta sareen arteko "desoreka handia" salatzeko eta horren aurrean neurriak hartzeko plataforma bat osatu dute.
Nabarmendu dutenez, "Oiongo errealitate sozialari bizkarra ematen ari da" administrazioa, eta erakundeen aldetik euskal eskola publikoaren aldeko apustu irmoa exijitu dute.
Familien esanetan, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak emandako datuetan agerian geratzen da behin ikasturtea hasi ondoren Oiongo eskoletara sartzen diren ikasle gehienak eskola publikora bideratzen direla. Eta egoera are larriagoa da "zonaldean dagoen irakaslegoaren egonkortasun faltagatik".
Errealitate horren aurrean, matrikulazioaren banaketa orekatua eskatu dute, eta Hezkuntza sailak onartzea aniztasun kultural txikia duten itundutako eskolek ikasturtea ratioen gainetik hastea. Halaber, beste neurri batzuk ere galdegin dituzte sareen arteko orekari eusteko: "Ezinbestekoa da errekurtso gutxi dituzten familiak eskola zehatz batzuetan sartzeko dituzten trabak kentzea, kuotak esate baterako edo eskolaz kanpoko gastuak". Era berean, errefortzuko irakasleak eskatu dituzte, ikasleak epez kanpo iristen direnean; eta behar bereziak dituzten ikasleak eskolatzen dituzten ikastetxeetan baliabide ekonomikoak eta irakasleen kopuruak handitzea.
Oiongo Udalari eta Arabako Errioxako Kuadrillari idatzi bat helarazi diote Ramiro de Maeztu ikastetxeko familiek, haien atxikimendua eskatuz. Era berean, arazoari aurre egiteko instituzioen arteko mahai bat osatzea galdegin dute, egoeraren azterketa sakona egiteko eta egutegi bat prestatzeko neurri zehatzekin.