Arabako Errioxako erdigune ederrenetako bat duen herria da Lantziego. Armarridun etxeak eta jauregiak nagusi dira bertan, eta eraikin errenazentista zein barroko ugari topatuko ditugu kale estuetan. Armendarizko markesaren jauregia nabarmentzen da beste guztien artean; parrokiako eliza ondoan kokatuta dago eta udalaren egoitza da. XVIII. mendeko fatxada miresgarria eta harlanduzko solairuak ditu. Kale nagusian aurkituko dugu, baita ere, udaletxe zaharra, egun ostalaritza negozio bat dena. Jauregia aurrekoaren data berdinetan eraiki zuten eta teilatu-hegaletan lan ederra du, baita fatxadan armarri ikusgarria ere.
Ez dira horiek, ordea, Lantziego herriak dituen etxe ospetsu bakarrak. Elizatik gertu dago seguru asko nazioartean famatuena izan den lantziegar baten etxea: Sebastian Iradier Salaberri musikariaren bizitokia, alegia.
Gainera, herritarren ofizioekin loturiko ondare industrial handia gorde du Lantziegok. Arabako Errioxako udal olio-errota bakarra eta herrialdean kontserbartzen direnen artean zaharrena da bertakoa. Udalarena da 1913. urtetik, Eustaquio Alvarez de Eulate jaunaren donazioari esker. Antzina irina egiteko errota zegoen bertan, eta horren gainean kokatu zuten gaurko olio-errota. Halaber, mahastiak eta olibondoak nagusi baldin badira ere, teilak ere egiten zituzten Lantziegon, eta Los terreros eremuan dago 1780. urteko teila-fabrika bat eta biltegia. XX. mendean abandonatu zuten, baina ondo gorde dute. Erdigunetik kilometro gutxira daude Asa eta Binasperi auzoak, eta Asan hain zuzen Mantibleko erromatar zubiaren hondarrak daude. Igarobide garrantzitsua izan zen erromatarren garaian, Ebro ibaiaren bi ertzak lotzen baitzituen. 164 metro zituen luzeran eta zazpi arku erdizirkular, baina bi soilik daude orain. Binasperin, berriz, ura izan da historikoki diru sarrerarik inportanteena. Iturbegi eta Berbenosako iturriei esker, soroak ureztatzeko haina ur izaten zuten, eta soberan zutena ondoko herriei, baita Logroñori ere saltzen zioten.
Lantziego
Kuadrilla: Arabako Errioxa.
Udalerria: Lantziego.
Biztanleak: 618 (2018ko Eustaten datuen arabera).
Bitxikeria: Lantziegoko Iradier Salaberri dantza taldeak 40. urteurrena ospatu zuen 2018an.