Udal gobernuak osatu dira gaur Araban, eta ezustekorik ere izan da tartean. PSEk hautsi egin du EAJrekin duen ituna Samaniegon eta EH Bilduko hautagaia babestu du. Horrenbestez, EH Bilduk udalerri bat gobernatuko du lehenengoz Arabako Errioxan. Pili Garmendia izango da, beraz, hurrengo lau urteetako alkatea Samaniegon.
Iruña Okan ere ez da jeltzaleen eta sozialisten arteko hitzarmena errespetatu, baina Javier Martinez sozialistak eutsi dio makilari.
Urtaran alkate
Gasteizen, bestalde, Gorka Urtaran izendatu dute alkate, bigarrenez. Urtaranek EAJko 7 zinegotzien eta PSE-EEko 6 ordezkarien babesa jaso du, baina ez du gehiengorik lortu. EH Bilduko Miren Larrionek ere bere burua aurkeztu du inbestidura saioan, baina, alderdikideen babesa soilik jaso du, PPk eta Elkarrekin Podemosek zuri bozkatu baitute.