Bastida eta Guardian PP alkatetzetatik kentzeko proposamena egin dio EH Bilduk EAJri

Erredakzioa 2019ko eka. 13a, 09:08
Goizean egin du agerraldia Arabako EH Bilduk. / EH Bildu

Bi herrietan jeltzaleekin koalizio gobernua osatzeko elkarrizketak "bide onetik" doazela esan du Ibon San Saturnino Arabako EH Bilduren koordinatzaileak.

Arabako 53 udalak osatzeko bi egun falta direnean, "herritarren interesak" defendatuko dituela iragarri du EH Bilduk, eta "ahal diren tokietan" PP alkatetzetatik kanporatzeko konpromisoa azpimarratu du. Horrekin batera, "gehiengo alternatiboak" eratu nahi ditu. "Aurretik egin dugu, baina aurreko legealdian ikasi dugu ez dela nahikoa PP alkatetza batetik kanporatzea, baizik-eta horrekin batera beharrezkoa dela legealdirako ibilbide orri bat eta gobernantza eredu bat adostea ere”, adierazi du Arabako EH Bilduko koordinatzaile Ibon San Saturninok gaur goizean eginiko agerraldian.

Hala, Bastidan eta Guardian norabide horretan lanean daudela jakinarazi du. Horietan EH Bilduk EAJrekin batera koalizio gobernuak osatzeko "borondate irmoa" daukala esan du, “egonkortasuna eta gobernagarritasuna” bermatzeko.

Trebiñuri eta Argantzuni dagokienez, berriz, EH Bilduk uste du indar korrelazio nahikoa dagoela integrazioaren arloan aurrera egiteko ibilbide orria adosteko, eta norabide horretan lanean ari dela azaldu du. "Horrexegatik, guztiz ulertezina izango zen EAJk integrazioaren kontra dagoen PPren sostengua bilatzea EH Bilduri alkatetza kentzearren", ohartazi du San Saturninok.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide