Alkatetza eskuratzeko babes eske, EH Bilduri gobernua osatzeko proposamena egin dio Alderdi Popularreko hautagai Daniel Garciak. PPk eskuratu zituen boto gehien azkeneko hauteskundeetan (326 boto, lau zinegotzi), baina EAJk (306 boto, hiru zinegotzi) ken diezaioke makila. Hala, EH Bilduri (160 boto, bi zinegotzi) bi sail eramateko proposamena egin diote popularrek –euskara eta kirola–.
Bastidako EH Bilduk sare sozialetan jakinarazi duenez, joan den astelehenean egin zieten proposamena, "bilera lasai" batean. Bi sailen trukean, EH Bilduk babesa emango lioke PPri, akordio horren arabera. EAJk ere, bestalde, gobernua osatzeko proposamena egin diola esan du Bastidako EH Bilduk.
"Akordiorik ez"
Arabako PPk, bere aldetik, EH Bildurekin izan daitekeen edozein harreman irmo ezeztatu du ohar batean. "Ez da Bildurekin inolako akordiorik, elkarrizketarik edo negoziaziorik izango Arabako udaletan", berretsi du Iñaki Oiarzabal Arabako PPren lehendakariak, eta koalizioarekin edozein negoziazio gaitzetsi du. "Ez da EH Bildurekin akordiorik izango, ez Bastidan, ez inon". Euskadiko PPk defendatzen dituen balioekin "bateraezina da" EH Bilduren jarduna, haren esanetan.