Arabako bosgarren udalerria da Oion, biztanleen kopuruari begiratuta; halaber, herrialdeko aberatsenetakoa da tradizioetan eta ospakizunetan. Katxiaren zilipurdia da tradizioen artean ezagunena. Bitan egiten da, herriko jaietan; urtarrilaren 21ean eta 22an. Katxia lurrean etzaten da, kultur zinegotziaren aurrean, zinegotzia hiribilduko bandera mugitzen hasten da Katxiaren gainean, eta Katxia zilipurdiak egiten hasten da, seriotasun osoz, musikaren erritmoan.
Gainera, 1979tik, beste tradizio bat dute herrian pertsonaiarekin lotuta: Katxiaren Jaitsiera. Izan ere, herriko festak urtarrilean izanda, ikaragarrizko hotza egiten zuenez, jende gutxi hurbiltzen zen. Horrenbestez, uda partean beste festa batzuk ospatzea erabaki zuten herritarrek. Esker Oneko festak sortu ziren horrela, irailaren 4tik 8ra ospatzen direnak, eta horretan Katxia irudikatzen duen panpina jaisten da, elizako dorretik.
Aurorak, Martxoak, Danborrada, Zaindari Santuen dantza edo San Bizente eta San Anastasio eguneko prozesioan erretzen duten "zezentxoa" bezalako beste ohitura zaharrak ere gordetzen ditu Arabako Errioxako herriak.
Iraganarekin lotura handia izan arren, Oion ere Arabako Errioxako erreferente industriala da. Izan ere, Kuadrillako enpresen %40 Oionen daude kokatuta, eta ekonomiaren gaur egungo motore nagusia ardogintza da, eta oiondar askok ardoaren inguruko negozioan dihardute, herrian ehunka mahasti-hektarea dauzkaten enpresa handiak baitaude. Alta, egoera ekonomikoaren gainbeherak eragin handia izan du inguruan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan langabezia tasarik altuena duten udalerrien artean dago Oion.
1991n, 662 euskal hiztun zeuden Arabako Errioxan. Gaur egun, 2.525 euskaldun daude, eta 2.200 "ia-euskaldun", Eustaten arabera. Euskararen igoera horretan zerikusi handia izan du Oiongo IKAko euskaltegiak eta bertako San Bizente ikastolak ere urteetan egindako lanak.
Fitxa
Kuadrilla: Arabako Errioxa
Udalerria: Oion
Biztanleak: 3.273 (2018ko Eustaten datuen arabera).
Bitxikeria: Herriko pertsonaia ezagunen artean Clemente Perez Arroyo pilotaria dago, Panaderito de Oyon.