Guardiako errepidean segurtasuna bermatzeko neurriak hartu dituzte

Erredakzioa 2019ko mar. 23a, 07:00
Guardiako A-124 errepidean hainbat obra egin ditutzte. AFA

Radar bat jartzeko eskatu diote Udalak eta Aldundiak Jaurlaritzari.

Foru Aldundiko Bide Azpiegitura eta Mugikortasun sailak Guardia zeharkatzen duen A-124 errepidean trafikoa moteltzeko neurriak hartu ditu, eta ikugaitasuna hobetzeko seinaleak eta argiztapena berritu ditu. Iragan otsailaren 11n gizon bat hil zen Guardian, auto batek harrapatuta; 2018ko abenduaren 2an ere beste gizon bat hil zen errepide horretan.

Diputazioak eta Guardiako Udalak, zeharbidean segurtasuna hobetzeko batzartu eta gero, hitzarmena izenpetu dute hainbat obra eta egokitzapen egiteko. Lehendabizi, neurriak hartuko dira trafikoa moteltzeko eta seinale eta argi gehiago jarriko dira, zeharbideko hiru tokitan: Ertzain etxearen, gasolindegiaren eta ehorztetxe berriaren inguruetan; igogailuaren ondoko zebrabidea dagoen lekuan, eta A-124 errepidearen eta Bilarrera doan A-3228 errepidearen arteko bidegurutzean. 

Martxoa amaitu baino lehen, berriz, baranda bat jarriko dute autobusaren geltoki ondoko espaloian, oinezkoak igogailu ondoko zebrabidera joan daitezen, eta mutiloiak jarriko dituzte, autoak bide bazterrean aparkatzea eragozteko eta, horrela, ikuspena hobetzeko. Halaber, argi islagailuak ere jarriko dituzte, Bilarreko errepideko bidegurutzea hobeto ikus dadin.

Neurri horiek gauzatzeko 40.000 euroko inbertsioa egingo da.

Bestalde, eta Guardiako Udalarekin adostu bezala, Bide Azpiegitura eta Mugikortasun Sailak eskaera formala egin dio hilabete honetan  Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzari, radarra jar dezan zeharbidean. Erakundeek uste dute neurri eraginkorra izango dela, "handik pasatzen diren ibilgailuen abiadura murrizteko eta segurtasuna hobetzeko, azken hamarkadetan izan diren istripuei buruzko datuak kontuan hartuta".

Halaber, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzari eskatu diote sakagailua duen semaforoa jartzeko, oinezkoentzako pasabidean.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide