"Bastida ez da hiru orritan kabitzen, izatekotan hiru liburutan". Hala idatzi du Miguel Larreina Gonzalez Mahastizaintzako eta Enologiako masterdun eta Arabako Errioxako herrien historian adituak. Larreinari esker dakigu 1.000. urte inguruan, gaur egun Bastida osatzen duen jurisdikzioko biztanleria herrixka txikietan barreiatuta zegoela. "Horrenbestez, erreferentzia idatziak ditugu Buradon, Tabuerniga, Torrontejo, Erremelluri edo Mutilluriri buruz, eta harrizko nekropoliak, biztanleak ugari zirela erakusten dutenak". Edonola ere, Larreinaren arabera, 1242. urtean agertzen da lehen aldiz Bastida izena idatzita, hain zuzen Fernando III.a erregeak Bastida hiri berria fundatu zuenean.
Erdi Aroan, berriz, herri txikiak ardoaren laborearekin eta salmentarekin jardun zuen, Gasteiz zein antzeko hirietan negozioak egiten. Ardogintzak bultzatuta eraiki ziren XVI. eta XVIII. mendeetan eraikin ikusgarriak, elizak, monasterioak edo jauregiak. "Berrogei etxe armarridun baino gehiago daude Bastidan, bere neurriko beste edozein herritan ez bezalako noblezia eta goi leinu kontzentrazioarekin".
Ondare horren garrantzia nabarmendu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta kultura ondasun izendatu zuen hirigune historiko osoa, monumentu multzo sailkapenarekin. Halaber, Bastidako Jasokundearen eliza eta Udaletxea Monumentu Nazionalak dira.
Nobleziaren historiaz harago, urte luzez ezkutuan egon den Bastidako iraganaren beste parte bat argitara ekarri zuten duela urtebete herritar batzuek; Bigarren Errepublika garaian altxatutako libertarioen historia hain zuzen. Hala, 1933an izandako matxinada anarkistako gertaerak gogoratzeko webgunea sortu zuten. Bertan kontatzen da, besteak beste, ordu batzuez lurralde akrata izan zirela ToloÒopeko lurrak, baina asaltoko guardiek ordena berrezarri orduko mendekuaren itzal luzeak jazartu zituen haietako asko: 1936an faxistek 19 lagun hil zituzten, erdia hiru urte lehenagoko iraultzan parte hartu zutenak.
Kuadrilla: Arabako Errioxa.
Udalerria: Bastida.
Biztanleak: 1.377 (2018ko EUSTATen datuen arabera).
Bitxikeria: Donostiako San Telmo museoan dago Bastidako Krismoi erromanikoa; 2015. urtean zaharberritu zuten.