Ateak itxi ditu Oiongo olio-errotak

Erredakzioa 2019ko ots. 7a, 08:00

Oiongo olio-errotak ateak itxi ditu. ARABAKOERRIOXA

Zaharkitua dago errota, eta inbertsio handia egin behar zuten behar berrietara egokitzeko.

Oiongo olio-errotak 1953. urtean abiatu zuen bideari amaiera ematea erabaki dute. Feliz Ruiz-Carrillo kooperatibako presidenteak azaldu duenez, arrazoi ugarik bultzatu dute itxiera: "Makineria zaharkitua zegoen, osasunaren eta segurtasunaren alorrean ere hainbat aldaketa egin behar genituen, eta aldaketei aurre egiteko inbertsio jasanezina egin behar genuen; gainera, alboko herrietan errota modernoagoak jarri dituzte".

Sasoi onean, Oiongo Kooperatibaren errota 300 kide izatera iritsi da, eta 200.000 kilo oliba xehatu ditu; baina azken urteetan gainbehera handia nozitu du. Hala, egun 30 bazkide bakarrik geratzen dira kooperatiban, eta lana ere murriztu da nabarmen, izan ere iaz 40.000 kilo bakarrik xehatu zituzten.

Olio-errotako eraikina eta lursorua Oiongo COMY Ardo Kooperatibari ematea erabaki dute olio-errotako bazkideek, eta orain Kooperatiba Elkartearen azken erabakiaren zain daude. Lopez-Carrillok azaldu duenez, Oiongo olibari gehienak ardogileak dira, eta horrenbestez logikoena da ardo kooperatibak hartzea olio-errotaren tokia. Bestalde, kooperatibako azken presidenteak nabarmendu du errotako makineria herrian gordetzea nahi dutela, "garai bateko ondare eta lan baten lekuko gisa".

Albiste hau Arabako Errioxako Kuadrillako Berberana aldizkariak argitaratu du. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago