Arabako Errioxako alkateak eta Kuadrillako lehendakaria bilera batera deitu ditu Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek. Toloño Mendilerroa toponimo ofiziala bezala aukeratzeko egin den prozesuaren inguruan azalpenak ematea da batzar horren helburua, eta bide batez azken hilabeteetan eskualdean toponimoaren harira sortu den haserrea eta polemika baretzea. Urtarrilaren 30ean bilduko dira administrazioak, Guardian.
Sustapen Ministerioaren menpeko Espainiako Institutu Geografikoak ontzat jo zuen iragan abuztuan Toloño Mendilerroa toponimoa, eta Kantabria Mendilerroa bigarren mailako aldaera bezala baztertu zuen "erabilera gutxi eta mugatua" duelako. Espainiako Sustapen Ministerioaren ebazpenak Bastida eta Lapoblacion arteko mendilerroaren inguruko eztabaida zaharra itxiko zuela zirudien arren, ez da hala gertatu. Arabako Errioxako hainbat udal ez daude ados erabaki ofizialarekin, eta Kantabria Mendilerroa toponimoa mantentzearen aldeko mozioak onartu dituzte Guardian, Mañuetan, Lapuebla de Labarcan, Lantziegon eta Eltziegon.
Halaber, eskualdeko hainbat elkartek desadostasuna agertu dute, eta Sustapen Ministerioari ebazpena zuzentzeko eskatu diote. Horien artean dago Guardiako Adiskideen Elkartea. "Udalekin, elkarteekin, enpresekin eta adituekin bildu gara Kantabria Mendilerroa berriz jartzea eskatzeko. Gure helburua da ahalik eta babes handiena lortzea, denon artean dokumentu bat adostea, eta Espainiako Institutu Geografikoari bidaltzea".
Kantabria Mendilerroaren alde sortutako mugimenduarekin kezkatuta eskatu du batzarra Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak "bakarrik alkateekin eta Kuadrillako presidentearekin". Sare sozialetan zabaldu da alkateei bidalitako gutuna, eta horretan jasotzen da Jaurlaritzaren ezinegona: "ebazpena eman duena instituzio eskumena dela kontuan hartuta, pentsa liteke 30 urtez luzatu den gatazka amaituko zela. Baina ez da hala izan, jakin izan baitugu Guardiako Adiskideen Elkartea Arabako Errioxako eta Kanpetzu-Arabako Mendialdeko udalekin harremanetan jarri dela, Kantabria Mendilerroa izena berreskuratzeko mozioak onartu dezaten". Gainera, Jaurlaritzak uste du Arabako Errioxan zabaltzen ari diren informazioak ez direla zuzenak, eta hainbat hedabidetan agertu diren artikuluek ez dutela ondo jaso Toloño Mendilerroa toponimoa aukeratzeko jarraitu den prozesua.