Ikerketa zabaldu du Ertzaintzak iragan urriaren 25ean Jose Manuel Mateo Ciudadanoseko zinegotzi ohiaren Guardiako okindegian jazotako sutea muntaketa bat den argitzeko. Zinegotziak jarri zuen salaketaren arabera, nahita piztutako sua izan zen arrazoi politikoengatik. Mateoren kontrako mehatxuak ere agertu ziren.
Hartara, motibazio politikoko eraso bat zela zen hipotesi nagusia hasieran, baina Ertzaintzak uste du helburu ekonomikoa duen muntaketa bat izan litekeela. Beraz, 29 urteko gizonezko bat ikertzen ari da hipotesi horrekin lotuta, delitu baten itxura egiteagatik, baina ez du argitu pertsona hori Mateo den.
Sua 00:45ean piztu zen, Guardiako industrialde batean Mateok dituen instalazioetan. Okindegia eta gozogintza lantegia ditu han.
Mateok 2015eko bozetan eskuratu zuen zinegotzi kargua. Ciudadanoseko zinegotzi bakarra zen, baina alderditik atera eta talde mistoan geratu zen 2016ko azaroan. Aurretik PPko kide izandakoa da.