Azaro eta abendu artean olibak arbolatik hartu eta dolarean sartzeko garaia da Arabako Errioxan; hortaz, lana amaitzeko tenorean izango dira egunotan Lantziegoko Erroiz errotan. Azaroa amaieran 50.000 kilo oliba inguru jasota zituen Mikel Izagirrek, eta 40.000 gehiago jasotzea espero zuen, kanpaina amaitu baino lehen. "Lehenengo urtea izateko oso marka ona egiten ari gara", aitortu dio ALEA aldizkariari.
Bi urteko prozesu administratibo konplexuaren ostean zabaldu ditu ateak Lantziegoko olio-errota berriak. Negozioak martxan jartzeko eta ekintzailetza sustatzeko lau haizetara zabaltzen diren mezuen atzean dagoen benetako errealitatea ezagutu du Erroiz dolareko jabeak; eta ez da samurra. "HAZIra jo genuenean proiektua interesgarria zela esan ziguten hasiera-hasieratik, olibondoa sustatu nahi dutela Arabako Errioxan, gazteen ekimena… baina errealitatea da oso zaila dela pausuak ematea, oso motela da prozesua, hilabete asko itxoiten pasa dugu; inbertsioak egiteko eskatzen ziguten, jakin gabe aurrera egin ahal izango genuen. Zorionez, honetaz aparte beste lanpostu batzuk ditugu, bestela ezinezkoa litzateke".
Bidean aurkitu duten traba handienetako bat lizentzia lortzea izan da, Arabako Errioxan legedi berezi bat baitago upeltegia ez den negozioa zabaltzeko. Gainera, dolarea kokatzeko pabiloia herri-eremutik kanpo egoteak are gehiago trabatu du bidea.
Oztopoak-oztopo, martxan da Lantziegoko errota berria; hain zuzen, olibadiaren inguruan eskualdean ematen ari den mugimenduaren adibidea. "Asko landatzen ari da, mahastiak lizentzia behar duelako, eta olibondoak ez. Lursail txiki bat duenak landatzen ditu". Dena den, Izagirrek berak azaldu duenez, zaila da Arabako Errioxan mahastiaren inguruan dagoen kulturarekin lehiatzea, eta kostatzen da jendea olibadiaren landaketa hobetzen joateko konbentzitzea: "Inausketak zaintzeko, oliba behar denean jasotzeko eta errotara garaiz eramateko animatu behar da jendea, baina martxan gaude".
Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 175. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.