Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak 10.000 euroko laguntza onartu du, bere asteleheneko saioan, Oiongo Udalarentzat, udalerriko antzokiaren egokitzapen-obrak osorik ordaintzeko. Inbertsio hori Araban kulturaren garapena sendotzeko 2018ko aurrekontuaren barruan onetsitako neurrietan sartzen da.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak inbertsio horren eta beste batzuen bidez, "Araban kultura-sektorea sustatu nahi du eta esparru honen egitura profesionala hobetu". Hori lortzeko, 2018ko aurrekontuan, zuzenketa bidez, 500.000 euroko partida sartu zen eta, horren bidez, zenbait ekimen sustatu dira; horietako bat da Oiongo antzokiaren erreforma.
Oiongo Udaletik esan eta Sailak egiaztatu duenez, kultura-azpiegitura horren eragin-eremuak udalerria gainditzen du, eta errefente bilakatu nahi du Arabako Errioxa osoan, eskualdean antzeko beste espazio eszenikorik ez baitago. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren iritziz, interes publikoko eta kulturaleko arrazoi nahikoa dago diru-laguntza hau emateko.