Muino batean dagoen Guardiako hirigune historikoak Erdi Arora daramatza bisitariak; bertako txoko bakoitzak bere istorioa dauka eta horrek turismoa erakartzen du.
X. mendean sortutako trazatuari bere horretan eusten dio gaur egun ere: hiru kale estu eta luze ditu, plaza eta kaletxo bidez lotuta daudenak. Multzoa, gainera, harresiz inguratuta dago; dorreak eta herrira sartzeko bost atez osatuta dagoena. Antza, Antso Abarka Nafarroako erregeak gaztelu bat eraiki zuen X. mendean, erresuma babesteko. Gero, Antso VIak, Jakitunak, forua eman eta hiribilduaren maila eman zion, 1164. urtean. XIII. mendean, Antso VIIak, Indartsuak, harresi batekin gotortu zuen hiribildu osoa.
Euskarazko deituran, aldaketak
Euskarazko izenak aldaketak izan ditu. Hiribildua izendatu aurretik Biasteri zen ustea zabaldu zen XIX. mende amaieran; eta, hain justu ere, hori izan da orain gutxira arte erabilitakoa. Baina, XX. mendean egindako ikerketek ondorioztatu dute Biasteri ViÒaspre herriko euskarazko izena zela. Euskaltzaindiaren arabera, Guardia da erabili beharreko izena.
Ondare zabal eta aberatsa du Guardiak. Batetik, Erdi Aroan eraikitako San Joan Bataiatzailearen eta Erregeetako Andre Mariaren elizak daude. Azken horretan, nabarmentzekoa da duen atari gotiko polikromatua. Eraikuntza zibilen artean, XIV. mendeko La Primicia dago, Paganos kalean; hamarrenak eta primiziak biltzen ziren bertan. San Juan plazan, berriz, Felix Maria Samaniego fabulistaren etxe-jauregia dago, harlanduz egindakoa eta portada neoklasiko ederra duena. Beste eraikin askoren artean, Plaza Nagusia bera eta bertan dagoen lehengo udaletxea ere azpimarratu daitezke.
Beste hainbat herritan gertatzen den moduan, hiribilduko lur azpia familia upeltegiek osatutako zuloz beteta dago. Horietan, Arabako Errioxako altxorrik preziatuena egiten eta gordetzen zen: ardoa.
Adibideak baino ez dira aipatutakoak; onena, Guardiako kaleetan barrena galtzea da.