Arabako Errioxako ardo gutxiago saldu da, baina prezio hobean

Erredakzioa 2018ko ira. 19a, 17:34
Arabako Errioxako ardoa. ALEA

Urteko lehen sei hilabeteetan 11,6 milioi litro esportatu dituzte Arabako Errioxan.

2018ko lehen sei hilabeteetan Arabako Errioxako ardoen esportazioak 11,6 milioi litrora eta 65,4 milioi eurora iritsi dira. Eusko Jaurlaritzak eman dituen datuen arabera, merkaturatutako bolumena gutxitu egin da iazko datuekin alderatuta, baina ardoaren litroaren batez besteko prezioa igo egin da, 5,24 eurotik 5,64 eurora pasatu baita.

Gainera, Espainiako Estatuan jatorrizko izendapena duten ardoen batez besteko prezioaren oso gainetik kokatu dira Arabako Errioxako ardoak, horien prezioa 3,60 eurokoa izan baita. 

Herrialdeka hartuta, Arabako Errioxako ardoen esportazioek gorakada handia eduki dute Belgikan, Txinan eta Mexikon. Halere, Erresuma Batuan, Alemanian eta Suedian beherakada nabarmena jazo da.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak adierazi duenez, "badirudi brexita Arabako Errioxako ardoetan eragina izaten ari dela". Hori gorabehera, oraindik ere Erresuma Batua da euskal ardoen lehen merkatua. Kontua da, ardo beltz eta gorrietan izandako galeraren ondorioz batez bestekoa baino gehiago jaitsi bada, ardo zuriek gora egin dute merkatu britainiarrean, erritmo onean, eta, gainera, prezioak goraka eginda.

Tapiak baieztatu duenez, salmenten jaitsiera ez da soilik merkatu britainiarraren segurtasunik ezagatik izan; azken mahats bilketan mahats kilo gutxiago jaso ziren eguraldi txarraren ondorioz, eta horrek ere eduki du eragina salmenten jaitsieran. "Halere, salmenta bolumenaren beherakada hori gure ardoen prezioekin konpentsatu da; horrek esan nahi du kontsumo ertain-altuko segmentu batean kokatzen ari garela, eta hori asko interesatzen zaigun gauza da, gure helburua kalitatean lehiatzea baita, kantitatean lehiatzea baino gehiago”.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide