Martxan da Arabako Errioxako ardoaren etiketa berriak diseinatzeko laguntza

Mirian Biteri 2018ko ira. 13a, 11:52

Arabako Errioxako jatorria nabarmentzen duten ardoen etiketa berrien diseinua egiteko eta horien sustapenerako upategiek antolatzen dituzten ekimenetarako, 75.000 euro onartu ditu Diputazioak.

Arabako Foru Aldundiak asteon onartu du 75.000 euro bideratzea Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuko Kontseilu Arautzaileak onartu dituen zehaztapen berriak sustatzen dituzten edo etiketak egiten dituzten upeltegiak diruz laguntzeko. Kopuru horrekin aurre egin nahi diote Arabako Errioxako upategiek eskatu eta Errioxako Kontseilu Arautzaileak orain arte erantzun ez dion eskaerari.

Zehazki, honako baldintzak betetzen dituzten upategiek eskatu ahal izango dituzte laguntzak: egoitza fiskala Araban dutenek, Arabako Jatorri Deitura Kalifikatuko Kontseilu Arautzailearen Upeltegi Hazle eta Botilaratzaileen Erregistroan izena emanda dutenek eta 50.000 eta 500.000 litro arteko edukiera dutenek.

Batetik, Arabako eremuko, udalerrietako eta mahasti berezietako ardoen gaineko zehaztapen berriak jasotzen dituzten etiketak diseinatzeagatik emango du Diputazioak dirua. Horrekin lotuta, zehaztu du horien diseinua profesionalek egin beharko dutela, eta upeltegiak izan ditzakeen gainerako etiketekin alderatuta erabat ezberdinak izango direla, upeltegiaren identifikazio zeinuren bat eduki ahal izango duten arren.

Ordutegi zabalagoa

Bestetik, beste laguntza batzuk iristen ez diren eremuetan Arabako Errioxako ardoak sustatu behar dela uste du foru erakundeak, eta honako ekimenak lagunduko ditu: ekintza publikoak, komertzialak eta sustapenerakoak; askotariko publizitate kanpainak; produktuen aurkezpenak; Arabatik kanpo, barneko merkatuan antolatutako azoketan parte hartzea; etiketa berriei buruzko informazio kanpainak; enpresa topaketak; jardunaldiak edo mintegiak; eta zehaztapen berriak dituzten etiketak, atzeko etiketak, kapsulak eta irudiak diseinatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide