Elvillar herrian egun osoko egitaraua prest dute, igande honetan mahats bilketari hasiera emateko. Ekitaldi ofiziala 11:30ean izango da, Maialen Lujanbio bertsolari hernaniarraren pregoiarekin. Gerardo Olano alkateak azpimarratu duenez, Lujanbiok erabat betetzen du Udalak pregoilaria aukeratzeko jarri zuen helburua: "Emakumea genuen buruan, eta gainera, Maialen, euskal kulturan erreferente da". Pozik azaldu da Lujanbio ere izendapenarekin, "nirekin gogoratu direlako", eta baita ere, "horrela, Arabako Errioxan euskararen alde lan egiten dutenei babesa" emateko aukera duelako.
Horrela, bertsolari txapeldunak Karra Elejalde aktore gasteiztarraren lekukoa hartuko du, bera izan baitzen pregoilari lehengo urtean, Ekoran. Arabako Errioxako Kuadrillako herrietan txandaka egiten den ospakizuna da Mahats Bilketa Festa, eta urtero lez, egun osoko egitaraua prest daukate.
Pregoiaren aurretik, 11:00etan, Ardoaren Dantza egingo dute Arabako Errioxako dantza taldeek. Horren ondoren, 11:30ean egingo da ekitaldi ofiziala, eta bertan ariko da pregoilari lanetan, Maialen Lujanbio. Bertan zapalduko da mahatsa, eta aurreneko muztioa dastatu ahal izango da. Arabako Errioxako ardoak dastatzeko aukera ere izango da segidan; 7 euroren truke, kristalezko kopa jaso eta bost ardo probatzeko aukera izango da.
Dastaketarako gida nahi duenak, berriz, 12:30ean izango du tartea. Ordu berean, bestalde, Aizkolarien Mahats-biltze Txapelketa egingo da, eta goiza borobiltzeko, herri bazkaria izango da 14:30ean. Arratsaldean, pilota partiduak izango dira. Bestalde, egun osoan zehar nahi duenak Sorginen Txabola trikuharria bisitatu ahal izango du. Era berean, umeentzako jolas eta ekintzak, musika, eta artisauen eta labeldun nekazaritza produktuen azoka izango dira.