Harrizko arima duen herria

Juanma Gallego 2018ko abu. 22a, 06:00
Nafarroako Erreinua Gaztelatik babesteko herresitu zuten Labraza. / M. Arrazola - Irekia

Arabako Errioxan dauden herri harresituen adibide bikaina da Labraza. Garai batean Gaztelako eta Nafarroako koroen arteko lehiaren isla, denborarekin herritarrek horma horiek berreskuratu dituzte.

Duela hamarkada bat saria jaso zuen Labrazako hiribilduak, Herri Harresituen Nazioarteko Elkartearen eskutik. Hiru urtez behin ematen den sariak nazioarte mailako ospea eman zion herriari, batez ere adituen artean. Baina, gainerakoan, oraindik ere asko ezagutzen ez den altxorra da Labraza.

XII. mendeko azken hamarkadan eraiki ziren Labrazako harresiak, eta XXI. mendera arte irautea lortu dute. Ez da gutxi. Inguruko beste herri harresituak bezala, Nafarroako Erreinua Gaztelatik babesteko jaio zen Labraza. Antso VII.a erregeak fundatu zuen hiribildua 1196an.

Garai gatazkatsu horretan harresiek zuten zentzua galduta, denborarekin herriko biztanleek bi metro eta erdiko lodiera zuen harresira lotu zituzten euren etxeak. Pixkanaka, horman sakonduta, etxe horiek harresiko harriak jan zituzten, eguzkiak oparitutako argiaren bila. Horrela, horma zaharrak leihoez eta balkoiez zipriztinduta daude orain.

Arraroa litzateke, baina, gotorlekurik gabeko harresi bat. Eta hala da ere kasu honetan: gaztelu baten inguruan eratu zen herria; alabaina, gazteluak iraganean izandako dotorezia galdu du orain. Bi leiho eta bi horma-zulo dituen pareta baino ez dira geratzen. Horregatik, harresia eta herriko kaleak dira ezinbesteko protagonistak.

Dorreoi batzuk ikus daitezke orain, baina jatorrian hamabost izan zitezkeela uste dute adituek. Era berean, antzina existitzen ziren bi atarietatik bat baino ez dago gaur egun: hegoaldekoa. Ate hori izan daiteke, hain zuzen, bisitaldiari hasiera emateko toki aproposa, baina herriko plazaren parean dagoen aparkalekutik ere lasai asko abiatu daiteke ibilbidea. Herri txikia da Labraza, eta merezi du herriko kaleetan zehar presarik gabe ibiltzea. Herrian sartu baino lehen, ordea, ezinbestekoa da Arabako Errioxaren paisaiari begirada sakona botatzea, bertatik Ebro ibaiaren panoramika polita ikus daitekeelako. Behin herrian sartuta, San Miguel elizak ekartzen du arreta, herriko plazaren zoruan marraztuta dagoen herriko armarri erraldoiarekin batera. Ondoren egin behar den ibilbiderako ura plaza horretan bertan eskura daiteke, bertako iturrian.

Baina harresiaren hegoaldean are interesgarriagoa den beste iturri bat dago, XVI. mendekoa: Mairuaren iturria da, eta aurpegi batez osatutako txorrota du. Hortik datorkio izena. Iturri horren inguruan omen zegoen antzina herri barrura sartzeko pasabide sekretu bat.

Mediterraneoa, Araban

Behin herria ikusita, gertu dagoen Dueñasko pinudia bisitatzeko aukera dago. San Fausto kalea hartu, eta, ondoren, errepide zaharretik egin behar dira lehenengo metroak.

Zereal soroen artean doan ibilbide lasaia da, eta, noizean behin, almendrondoak ere ikus daitezke. Pinudira iritsita, Mediterraneo motako paisaia topatuko du bertan bisitariak. Alepo pinuez (pinus halepensis) osatutako baso naturala da, eta interes berezia du: Europa osoan mendebaldeen dagoen mota honetako pinudia da. Euskal Autonomia Erkidegoan espezie kalteberatzat jotzen da Alepo pinua, eta hemen ondo mantendu dira zuhaitzak. Labrazako biztanleek sarritan erabili dute basoa egurra eskuratzeko, baina altxor hori zaintzen ere asmatu dute.

Pinuez gain, belar usaintsuak ere badira basoan, hala nola erromeroa, ezkaia edota txilarra. Galtzeko arrisku handirik ez dagoen arren, adi ibili behar da, ibilbidea seinalerik gabe dagoelako.
Bueltarako bidea hartu baino lehen, merezi du inguruko paisaiaz gozatzeko atsedenalditxo bat hartzea. Mendebaldera begira, Labrazako hirigunea bere osotasunean azaltzen da, eta hego-mendebalderantz begiratuz gero, berriz, Logroño, Oion, Moreda eta Viana ikusten dira.

Batek daki, noizbait, Nafarroako edo Gaztelako soldaduren batek aurrean ikuspegi berdina izan ote zuen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide