Gure bazterrak

Astoak festa dakar

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko uzt. 6a, 19:30

Samaniegoko astoa. ALEA

Haraneko Ama Birjinarenak dira Samaniegoko festarik ezagunenak; kartoizko asto bat zintzilikatzen dute elizaren dorrera.

Samaniego ezagutzeko modurik egokiena, noski, herria bisitatzea da, eta bertako ohiturak islatzen dituzten festetan murgiltzea izan daiteke aukera polit bat. Ikusgarrien eta berezien artean daude Mañak. Abenduaren 7an izaten da Samaniegon Mañen eguna; aurreko asteetan herriko gazteak egurra batzen doaz su handi bat prestatzeko. Bien bitartean, nagusiek belatxeta mozten dute, eta sortaka lotzen dute, mañak deiturikoak eginez. Egunean bertan umeek beren sortak pizten dituzte, eta herritik barrena doaz belatxeta usain gozoa utzita. Ohiturak dioenez, usain horrek izpiritu txarrak usatzen ditu. Umeek egindako ibilbidea su handian amaitzen da; bertan elkartzen dira bizilagun guztiak txorizo, patatak eta baratxuriak sutan egiteko, eta Arabako Errioxako ardoa edateko.

Festa ezagunenak, berriz, Haraneko Ama Birjinarenak dira, irailaren 7tik 11ra bitartean. Udaletxeko plazan botatzen den txupinazoarekin batera, kartoizko asto bat igotzen da elizaren dorreraino, eta bertan egongo da, zintzilikatuta, jaiak amaitu arte. Astoaren figura  kondaira batean jasotzen da.  Antza, elizaren dorrean melgas izeneko belar txar ugari hazten ziren, eta herritar batzuei okurritu omen zitzaien melgak jateko asto bat igotzea. Igotzerakoan, astoa sokarekin ito zuten. 

Bestela, mahastien zainketan eta laborantzan aritzen den herri txiki bat da Samaniego, ardo bikainak egiten dituena. Herriaren historia eta ondare aberatsa ere ardoari lotuta daude, eta herriko kaleetan eraikitako jauregi ederrek ondo islatzen dute mahasgintzak herriaren garapenean izan duen garrantzia. 

Erromatarrek ezarri zuten mahastigintza egungo Arabako Errioxan, eta  XV. mendearen amaieran eman zen mahastien zabalkunde inportanteena, orduko labore bakarra bilakatzeraino. Alta, 1902. urtean, filoxera izurrite handi batek Arabako Errioxako mahastien %96 akabatu zituen. Gaur egun,  538,44 hektarea mahasti lantzen dituzte Samaniegoko hamabi upategik.

Samaniego

Kuadrilla: Arabako Errioxa.

Udalerria: Samaniego.  

Biztanleak: 245 (2017ko Eustaten datuen arabera).

Bitxikeria: Kondaira batek dio Jasokundearen Elizaren gotorlekua "mairuek" eraiki zutela, eta inoiz aurkitu ez den altxorra dagoela.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago