Euriak eta txingorrak gogor kolpatu dute Arabako Errioxa asteburu honetan. Leza, Samaniego, Navaridas eta Villabuena herrietan 35 litro ur metatu ziren larunbatean.
Goiz da oraindik kalteak neurtzeko, baina badirudi txingorrak mahasti lursail txikiak kolpatu dituela. Dena dela, mahastizaleek aste honetan aztertuko dituzte lekuan bertan ekaitzak eragindako kalteak, eta teknikoen laguntzarekin ikusi beharko dute kaltetutako mahastiak berreskuratu daitezkeen edo ez.
Mahastietan ez ezik, Arabako Errioxako hainbat herritan ere kalte ugari eragin ditu larunbateko ekaitzak. Villabuenako kasuan, adibidez, urak herriko kaleak hartu zituen, eta luiziak gertatu ziren herriko bideetan. Beste toki batzuetan, berriz, ekaitzaren indarrak inguruko zuhaitzak bota zituen, eta kaleak zein bideak lokatzez estalita agertu ziren ekaitza eta gero. Halaber, Lapuebla de Labarcan asteburuan ospatu behar zuten Lapuebla Rock jaialdia euriagatik bertan behera utzi behar izan dute.