Kirolean hezkidetza lantzeko eta parte-hartzea baldintzatzen duten estereotipoen apurketa bultzatzeko asmoz, hainbat hitzaldi antolatu ditu Laia eskolak. Lehenengoa datorren asteartean izango da, hilak 12, Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillaren egoitzan. 17:00etatik aurrera, Ainhoa Azurmendik generoa eta kirolarekin lotuta egindako lanaren nondik norakoak ezagutu eta hausnarketa egiteko aukera eskainiko du.
Era berean, berdintasun teknikari Maitane Arnaizek alor horretan egiteko dagoen lan handia nabarmendu du: "Egunerokoan beste hainbat eremuetan bezalaxe, kirolean ere nesken eta mutilen arteko desberdinkeria egoerak gertatzen dira, nahiz eta gehienetan oharkabean geratu".
Hitzaldira gerturatzeko doaneko garraio zerbitzua eskaini du Kuadrillako Berdintasun Zerbitzuak. Erabiltzekotan, hiru egun aurretik abisatu behar da (945 600 252).
Hurrengo hitzaldiak Zuian eta Okondon izango dira, 13an eta 14an, hurrenez hurren.